Moskuren gaineko presioa handitzea adostu dute G7koek

Igor Susaeta.
2023ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
G7ko atzerri ministroek adostu dute Errusiako Gobernuaren gaineko presioa handitzea, horretarako azken urtean ezarri dizkioten zigor ekonomikoak areagotuz. Hori jakinarazi zuen, atzo, Yoshimasa Hayashi Japoniako Atzerri ministroak. Munduko herrialderik industrializatuenen taldeko atzerri ministroak bilera bat egiten ari dira Japonian.

Kremlini eskatu diote, gainera, «berehala eta baldintzarik jarri gabe» erretiratu ditzala tropak Ukrainatik. Alemaniak, Kanadak, Frantziak, Italiak, Erresuma Batuak, AEBek eta Japoniak berretsi dute, bide batez, eusten diotela Ukrainari militarki eta diplomatikoki laguntzeko konpromisoari. EB Europako Batasuna ere ari da batzarrean parte hartzen, eta talde komunitarioko iturri batek esan dio Efe berri agentziari ez dutela su etenaren aukera mahai gainean jarri, iruditzen baitzaie ez dagoela horretarako «baldintzarik». Iturri horren arabera, Ukrainaren posizio militarra hobea denean hitz egiten hasiko dira gerra bukatzeaz.

Bestalde, Txinako Atzerri ministro Li Shangfu Errusian dago egunotan. Vladimir Putin Errusiako presidentearekin bildu zen herenegun, eta bi aldeek adostu dute armaden arteko «komunikazioa» indartzea. Lehengo astean, Txinak esan zuen ez diola armarik emango Moskuri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.