Mossos d'Esquadrak Cornella de Llobregaten (Bartzelona, Herrialde Katalanak) duten komisaria batean sartzen saiatu den gizonezko bat hil dute mossoek gaur goizeko seietan.
Gizonezkoa labana batekin sartu da, "Ala handia da" oihukatzen zuen bitartean. Harreraraino sartzea lortu du, eta han lanean ari ziren mossoei erasotzen ahalegindu da. Mossoetako batek tiroz hil du gizonezkoa. Polizia erasotzailearen etxebizitza erregistratzen ari da gertatutakoa argitzeko.
Mossoek prentsaurrean jakinarazi dutenez, erasoa terrorismotzat jo daitekeen ikertzen ari dira. Mossoak ari dira ikerketa egiten, Espainiako Auzitegi Nazionalaren agindupean.
29 urte zituen erasotzaileak, eta Cornellan bertan bizi zen.