Haidar al Abadi Irakeko lehen ministro eta armadako buruzagiak telebista bidez zabaldutako mezu batean eman du erasoaren hasieraren berri: "Garaipen handiaren unea gerturatzen ari da".
Irakeko bigarren hiririk handiena da Mosul, eta bi urte daramatza Estatu Islamikoaren esku. "Laster haizatuko duzue Mosulen bandera hiri erdian eta hiri eta herri guztietan", gaineratu du Al Abadik. Erasoan Irakeko armadak, gobernuaren aldeko miliziek, peshmerga kurduek eta Ameriketako Estatu Batuak buru dituen koalizioak hartuko dute parte.
Al Abadik nabarmendu du Irakeko armadak zuzentzen duela erasoa, eta hari laguntzeko eskatu die hiriko biztanleei. Haren esanetan, 2016a izango da "terrorismoaren eta Daesh erakundearen amaieraren urtea".