Irailaren 11ko atentatuak

Moussauoi lapurtarra heriotzera zigor dezaten lehen urratsa eman du epaimahaiak

Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Zacarias Moussaoui da 2001eko Irailaren 11ko atentatuengatik AEBetan auzipetutako pertsona bakarra. Haren aurkako epaiketa aurrera doa, eta urrats erabakigarria eman zuen atzo (bart gaua Euskal Herrian) epaimahaiak: frogatutzat eman du Moussaouik gezurra esan ziola FBIri, eta gezur horien ondorioz egin zirela Irailaren 11ko atentatuak. Hori dela eta, atentatu horiek eragindako heriotzak leporatzen dizkiote zeharka, eta heriotzera zigor dezakete.

2006ko apirilaren 4a
10:23
Entzun
Moussaui 2001eko irailaren 11ko atentatuak baino lehen atxilotu zuten; zehazki, urte horretako abuztuaren 16an, Minnesotan. Beraz, erasoekin ez zuen zuzeneko harremanik izan. Lapurtarrak, ordea, Al Kaedako kide zela aitortu zuen 2005ean, eta Irailaren 11koen antzeko erasoak egiteko entrenatzen ari zela hegazkin eskoletan.

Aitorpen horretatik abiatuta, Irailaren 11koaren berri lehendik izatea leporatzen diote, eta FBIri gezurra esan eta informazio hori ezkutatu izana. Moussaouik hori guztia aitortu izan balu, erasoak galaraz zitezkeela argudiatzen dute, eta ez zitekeela inor hilko. Azken batean, gezurra esatearen ondorioz atentatuen eta heriotzen arduradun izatea leporatzen diote lapurtarrari, eta, beraz, heriotza zigorra eska dezakete haren aurka.

Moussauoiren amak behin eta berriz salatu izan du semea guztiz bakartuta daukatela atxilotu zutenetik, eta horren ondorioz, nahastuta dabilela. Al Kaedako dela aitortu izana nahasmen horri egozten dio amak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.