Ekintza batzuekin ez da beti asmatzen, eta atzokoak zer pentsatua eman die Apirilak 6 mugimenduko ekintzaileei, deitutako greba orokorrak eragin txikia izan baitu langileen artean. Bitartean, kargua utzi zuenetik urtebetera, Hosni Mubarak Egiptoko presidentea hamaikagarren aldiz agertu zen atzo justiziaren aurrean, manifestarien oihuak entzuten ziren bitartean. Aurreko saioa galdu egin zuen, hareazko ekaitz baten ondorioz helikopteroak ezin izan baitzuen bidea egin Mubarak zaintzen duten ospitaletik epaitegira. Askotan atzeratu dituzte saioak, eta, joan den abuztuaren 3tik, luzatuz joan da diktadorearen kontrako prozesua. Datorren astean amaituta behar luke.
«Epaiketa garbia izaten ari da, Egiptoko legearen araberakoa», dio Yusef Shukrik, bi biktimaren abokatu, eta, beraz, prozesuko akusatuen parte denak. Hala ere, salatu du «Barne Ministerioak eta informazio zerbitzuek» ez dutela kooperatu, eta ez dagoela «Mubaraken kontrako frogarik»; besteak beste, akusatuak bi hilabete izan zituelako frogak ezabatzeko. Kexu da, fiskal nagusiak ez duelako presiorik egin. Abokatu eta ekintzaileak ez du uste zigortu beharko luketenik «iraultzak iraun bitartean manifestariak hiltzeagatik, baina estatuburu gisara bere herria ez babestea leporatu beharko liokete», Egiptoko legeari jarraikiz. Azkenean, dena epailearen ikuspegiaren araberakoa izango da Shukriren ustez, baina, dioenez, «fidagarria eta independentea izateagatik ezaguna da epailea».
Mubarak erori zela urtebete igaro den arren, ez du haren epaiketak piztu interesik handiena Egiptoko kaleetan, gehiago begiratzen baitiote etorkizunari iraganari baino, etenik gabeko tentsio eta indarkeria giroan. Azken indarkeria aldian, 74 pertsona hil ziren futbol estadio batean, eta, bost egunez, liskar ugari sortu ziren Kairoko erdialdean eta Egiptoko beste hainbat hiritan. Indarkeria zurrunbilo hori hilero gertatu da irailetik, eta arrazoi asko daude horren atzean: Israelgo enbaxadaren inguruan gertatutakoak; urriko kristauen manifestazioa —26 pertsona hil ziren—; azaroan, Tahrirreko liskarrak armadarekin eta Poliziarekin —46 pertsona hil ziren—; abenduan, ministroen kontseiluaren aurrean izandakoak; eta, azkenik, futbolzale ultra haien tragedia. Horrek guztiak egoki bihurtzen ditu Mubarakek boterea utzi aurreko hitzak: «edo ni edo kaosa»; eta armadako kontseilua da horren erantzule zuzena, ez delako gai behar bezalako trantsizio bat bideratzeko. Harentzat, berriz, «errua Egipto suntsitu nahi duen atzerriko eskuarena da».
Desobedientzia zibila
Horregatik, indar iraultzaileek desobedientzia zibilaren aldeko kanpaina bat abiatu dute, militarrek botereari uko egin diezaioten. Greba orokorra izan da azkena, atzokoa. Urtebetean ez da izan grebarik, eta Apirilak 6 mugimenduaren sorrerara itzultzea izan da, nolabait. 2008an sortu zen mugimendu hori, Niloko deltako langileen grebari laguntzeko. Atzokoa, dozenaka mugimendu iraultzailek, unibertsitateko ikasle elkarteek, joera sozialistako alderdi politikoek eta sindikatu independenteek deitu zuten. Baina ez da ia nabaritu kalean.
Apirilak 6ko koordinatzaile Amr Osamak Mahallan — 2008ko greba izan zen lekuan— onartu duenez, «grebak ez du arrakastarik izan», eta uste du greba eraginkorra izan dadin «jendea konbentzitzera kalera atera» behar dela deialdia internet bidez egin beharrean. Rada Abu Elmuati Mahallako kotoi fabrikako sindikatu independenteko zuzendaria da, eta, ziur dakienez, «langileen baldintzak ez dira batere aldatu azken urtean»; Egiptoko egoera ekonomikoak ezinezko egiten du ia bizirautea, haren ustez.
Grebara joateko asko uzkur egonda ere, 200 sindikatu independentek baino gehiagok egin dute greba; Ain Sukhna portuko langileenak, esaterako. Herrialdeko porturik garrantzitsuenetakoa da hori, Suezko kanalaren hegoaldean. Eraikuntzako langile eta eskulangileen federazioak ere egin du greba, Medhat Hussein zuzendariak esan duenez: «Egoera ez da hobetu: soldatak baxuak dira, eta ez dago mediku asegururik, ezta pentsio duinik ere». Botere militarrak dimisioa eman dezala eskatu du berak, eta trantsizio gobernuak aintzakotzat har ditzala sindikatuak.
Anaia Musulmanak
Anaia Musulmanek—Egiptoko legebiltzarraren ia erdia hartzen dute—, ez dute bat egin grebarekin. Mahmud Hussein idazkari nagusiak haien webgunean esan duenez, desobedientzia zibila «oso arriskutsua da herrialdearen interesentzat eta haren etorkizunarentzat»; nabarmendu du ekintzak aurrera egiten badu «estatua desegin eta eroraraziko» duela. Gainerako alderdi nagusiek ere —salafisten Nurrek eta Wafd nazionalistek, alegia— ez dute bat egin deialdiarekin.
Horrez gain, Indar Armatuen Kontseilu Nagusiak komunikatu bat argitaratu zuen joan den astean; ondorioztatu zuen grebak «estatua suntsitzea eta kaosak irabaztea» duela helburu, eta, gaineratu zuenez, «instituzioa ez da makurtuko mehatxuak direla-eta, eta ez du agindurik onartuko». Herrialdeko talde nagusien jarreraren isla izan dira komunikabide handiak ere. Telebista publikoak «konspirazioaz» hitz egin du, eta Al Ahram egunkari ofizialaren titularra hauxe izan da: «Jendeak desobedientzia baztertu du».
Ezarritako boterearen eta ekintzaile iraultzaile aktiboenen arteko tira-birak ez dira bukatu: ez dute amore eman euren eskakizunetan, ahal dutena egiten ari dira militarrak beren barraketara itzul daitezen, eta Egipton protagonismo handiagoa eta justizia soziala eskatzen ari dira. Ekintzak arrakastatsuak ez direnetan ere, datorrenari begira jartzeko indarra ez dute galdu.
Mubarak bota eta urtebetera, ez du arrakastarik izan grebak Egipton
Apirilak 6 mugimenduak langileen egoera salatzeko deitutako ekintza ez dute babestu alderdi nagusiek; kalean ez da ia nabarituPresidente ohia epaitegian izan da; datorren asterako espero dute haren kontrako epaia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu