Hosni Mubarak Egiptoko diktadore ohia Torako espetxetik atera da (Kairo), behin-behineko espetxealdia amaituta. EFE agentziak, segurtasun indarrak iturri hartuta, jakinarazi du mediku hornikuntza duen helikoptero baten bidez utzi duela espetxea, eta dagoeneko Maadiko ospitale militarrean dago. Mubarakek eskatu du hara joateko, eta han bete beharko du etxeko atxiloaldia.
Mubarak espetxetik ateratzear zela Egiptoko Giza Eskubideen Erakundeak salatu egin du diktadore ohia Egiptoko fiskal nagusiaren aurrean, eta agintean zela jazotako tortura kasu guztiak aztertzeko eskatu du. Tarek Zaglul erakundeko zuzendariak azaldu duenez, hura aske uzteak bere erregimenaren pean torturak pairatu zituztenei "atsekabea" eragiten die. Zaglulen arabera, ia mila tortura salaketa ditu Mubarakek bere aurka. Gaineratu du, Egiptoko legediaren arabera, pairatzen direnetik salatzen diren arte denbora bat pasata ere tortura krimenak ez direla baliorik gabe geratzen, eta, beraz, horren biktimak torturak salatzera animatu ditu.
Bien bitartean, tentsioak baretzeko itxurarik ez du Egipton. Azken egunotan Anaia Musulmanen hainbat buruzagi atxilotzen ari da Egipto: azkena Admed Aref bozeramailea izan da. Atzo, gainera, Murad Ali Anaidiaren Askatasuna eta Justizia alderdiko bozeramailea atxilotu zuten, eta herenegun, berriz, Mohamed Badie buruzagi espirituala.
Segurtasun iturriek EFEri jakinarazi diotenez, Torako espetxera eraman dute Aref. Duela egun batzuk Anaia Musulmanek salatu zuten abuztuaren 14ko istiluez geroztik 400 buruzagi islamista atxilotu zituela Egiptoko armadak, eta azken egunotakoak ez dira azkenak izango: Safuat al-Hegazi abade islamista behin-behinean atxilotzeko agindua eman du, Anaia Musulmanen beste 21 kidez gain. Hegaziri bortxa sustatzea eta iragan abenduan hainbat manifestari hiltzea leporatzen diote, baita uztailaren 8an Guardia Errepublikarraren egoitzaren aurrean izan ziren istiluetan zerikusia izatea ere.
Egiptok larrialdi egoeran jarraitzen du, eta, giro horretan, Hosni Mubarak diktadore ohia datozen orduetan atera daiteke espetxetik. Atzo gauean Hazem al-Beblaui lehen ministroak jakinarazi zuen etxeko atxiloaldian egon beharko duela Mubarakek espetxetik ateratzen denean, herrialdeko egoera dela eta.