Egiptoko protestak

Mubarak ez da aurkeztuko irailean presidentetzarako hauteskundeetara

Egiptoko presidenteak ordura arte boterean segituko duela adierazi du gaur gauean, "trantsizio baketsua bermatzearren". Egiptoarrak presidentearen aurka manifestatu dira inoiz ez bezalako manifestazio batean, eta oposizioa hasia da trantsizio politikoa bideratzen.

2011ko otsailaren 1a
22:46
Entzun
Hosni Mubarak Egiptoko presidenteak gaur gauean iragarri du irailean ez dela lehendakaritzarako hauteskundeetara aurkeztuko. Dena dela, ordura arte boterean segituko duela hitz eman du, "trantsizio baketsua bermatzearren".

Oposizioaren deiari jarraituz, goizean goizetik ehunka mila pertsona Kairoko Tahrir plazatik Mubaraken jauregiraino manifestatu dira, presidentearen dimisioa eskatuz. Apirilak 6 Mugimenduak deitu zuen manifestatzera, eta inoiz ez bezalako erantzuna eman dute herritarrek. Gainera, modu baketsuan manifestatu dira protestagileak, eta festa giroa izan da nagusi. Al Jazeeraren arabera, milioi bat pertsona baino gehiago bildu da protestetan, Mubarak behera, denak Mubaraken kontra lelopean. Gazteak, familiak haur jaioberriekin, aberatsak eta txiroak, guztiak aritu dira protestan parte hartzen.

Mubaraken aurkako oposizio guztiak bat egin du gaurko manifestazioan, eta lau puntu adostu dituzte trantsizio politikoa bideratzeko: Mubarakek boterea uztea, legebiltzarra desegitea, Konstituzio berria egitea eta trantsizio gobernua sortzea. Mohamed El Baradei Bakearen Nobel saridunak boterea lehenbailehen uzteko eskatu dio Mubaraki, "odola isuri baino lehen". Trantsizioa bideratzeko, gainera, aditu talde bat sortuko dute, eta, El Baradeirekin batera, Amr Musa Liga Arabiarreko idazkari ohiak eta Ahmed Zewail Kimika Nobel saridunak osatuko dute.

Herritarren kontrolak, armarik egon ez dadin

Protestaldiak baretzeko asmoz Mubarakek egin duen gobernu aldaketa atzo gauzatu zen, arduradun berrien kargu hartzearekin. Horrek, ordea, ez ditu mobilizazioak eten. Armada, gainera, protestagileen alde agertu da, gaur goizean zabaldu duen ohar batean. Manifestarien eskaerak bidezkoak direla onartu du, eta modu baketsuan manifestatzen direnek adierazpen eskubidea bermatuta daukatela gaineratu du. Tahrir enparantza inguruan dauden soldaduek enparantzarako sarreran jende oldea laguntzeko beste agindurik ez dute.

Bortizkeria saihesteko, herritarrek gaur goizean Tahrir plazara sartzeko kontrolak jarri dituzte, inork armarik sar ez dezan. Apirilak 6 Mugimenduko arduradunek atzo esan zuten gaurko manifestazioa festa bat izatea nahi dutela. "Inauterien moduko manifestazio bat egin nahi dugu, musikarekin, abestiekin, poemekin eta ikuskizunekin; guztia Hosni Mubaraken dimisioa eskatzeko", esan zuen Apirilak 6 Mugimenduko bozeramaileetako batek, eta espero bezala ari da gauzatzen protesta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.