AEBetan eztabaidatzen hasita daude zer egin Egiptori ematen dizkioten urteroko 1.300 milioi dolar laguntza militarrarekin. Washingtoni garestiegi atera dakioke ordaina, duda-muda garaiotan eskua sartzeko aukera galtzen badu. Horretarako, Hosni Mubarak «lehenbailehen» boteretik kendu nahian dabiltza, eta ordezkoak bilatzen. Laguntzen eta hezten duten armadatik letorke AEBen gusturako trantsiziorik egokiena.
Barack Obamaren administrazioa Egiptoko armadarekin hizketan ari da militarren laguntzaz Omar Suleiman presidenteordeak gida dezan aro berria. New York Times egunkariak eman du horren berri, diplomazialari arabiarren eta estatubatuarren iturriak aipatuz. Mubaraken atzetik Egiptoko gizon boteretsuena da Suleiman, presidentearen konfiantzazkoa, bigarrena. Anaia Musulmanak ez zaizkio batere gustatzen, eta Israelekin eta AEBekin harreman estua izatearen aldekoa da. Egiptoko zerbitzu sekretuko arduradunak CIArekin lan egin du ezkutuan, ekintzaile susmagarriak AEBen legeen mugarik gabe galdeka ditzaten.
Suleimanek Sami Enan armadako buruzagi nagusia izango luke babes Etxe Zuriaren proposamenean; Mubaraken konfiantzazkoa hori ere, baita Mohamed Tantaui Defentsa ministroa ere. Horiek arduratuko liratekeKonstituzioa aldatzeko prozesua bideratzeaz, eta oposizioko taldeek parte hartzeko aukera aipatzen dute.
Hainbat aukeraren artean bat da hori, diplomazialariek argitu dutenez, baina gainerako aukeren inguruko azalpenik ez dute eman. Bien bitartean, Mubaraken ingurukoak presidentea konbentzitzen saiatuko dira kargua utz dezan. Hark, ordea, iraileko hauteskundeak arte geratzeko asmoa dauka: «Alde egiten badut, Egipto kaosa izango da».
Armadan ere nahasmena eta banaketa dago agintarien eta ardurarik gabekoen artean; badirudi lehenak erregimenari estuki loturik daudela eta bigarrenak diktadurarenganako herritarren mespretxutik gertuago. Goi kargudunak beldur dira hainbat agindu ez dituztela beteko.
Oposizioa, lanean
Egiptoko politikariek, dena den, ez dute oso argi AEBen proposamena. Konstituzioaren arabera, presidenteak huts eginez gero, Legebiltzarreko presidenteari dagokio bere lekua hartzea, eta, gainera, presidenteak hanka eginda ere herritarrentzat ez dela nahikoa izango pentsatzea beste aukera bat da. Baina, denaren gainetik, ez da ongi etorria Egiptoko etorkizuna baldintzatzeko AEBek duten plana, baina oposizioakez du seinale argirik eman orain arte, eta, gainera, ahul dago, gobernuaren errepresio etengabearen ondorioz.
Mubaraken aurkakoen taldea zabala da, gazte laikoetatik Anaia Musulmanetaraino, baina horiek denek bat egiten dute eskakizunetan: ez dute nahi bakarrik Mubarakek alde egitea, gobernatu duen elite osoak alde egitea ere nahi dute. Legebiltzarra desegin nahi dute; alderdien gaineko debekuak altxa; hauteskundeetara deitu, eta denborarekin, 30 urteko diktaduraren arrastoa ezabatu.
Oposizioak, hasteko, hamar bat jakintsuk osatutako talde bati eskatuta dio eztabaida bideratzea. Horien artean daude Mohamed el Baradei Bakearen Nobel sariduna eta Ahmed Zeuell Kimikako Nobel sariduna. Asteon, talde hori gazteen mugimenduetako buruzagiekin elkartu da, kaleko protestak bideratzen ari direnekin, eta armadarekin ere aritu dira. Elkarrizketa horiek Suleimanekin izateko asmoa dute, betiere abiatzeko hitzarmenaren puntuak onartzen baditu; lehenik eta behin, Mubarakek boterea utzi behar du.
Talde horren lehentasunetako bat Legebiltzarra desegitea da, eta hiru hilabetean-edo Konstituzioa aldatzen lanean jardungo lukete hauteskundeetara deitu ahal izateko.
Anaia Musulmanak, oposizioko talderik indartsuena, ez lukete beretzat nahi AEBek. Iranen dute aurrekaria, AEBek finantzatutako gobernuaren kontra iraultza islamikoa gertatu zenean, 1979an.Dena den, Anaia Musulmanen bozeramaileak herritarrak mugimendu islamistaren gainetik daudela eta mugimendu irekia dela esaten ari dira. Haien jokatzeko modua iraultzak hartzen duen norabideak baldintzatuko du. Oraingoz, politikan jarduteko legeztatzea eskatzen ari dira. Gaur egun ez da talde politikoa Konstituzioak erlijio sinesmenetan oinarritutako alderdiak debekatzen dituelako. Hala ere, independente gisara aurkeztuta 88 eserleku lortu zituzten Legebiltzarrean, 2005ean, eta 2010ekoetako bigarren itzulian erretiratu ziren iruzurragatik. Oposizioan ongien antolatutako taldea da, eta gizarte mailan egiten duten lanagatik herritarrek oro har begi onez ikusten dituzte —estatuak ematen ez dituen erraztasunak eskaintzen dizkiete behartsuenei—. Faruk Sultan Auzitegi Konstituzionaleko presidentea da talde horrentzat gobernu berria osatzeko hautagairik egokiena.
El Baradei eta besteak
Alderdi laikoen artean ezagunena Wafd da —hogei alderdi laiko inguru daude—. Denbora askoan alderdi nazionalista garrantzitsuena izan zen, baina orain, erabat ahulduta dago.
Gizarte zibilean sortutako mugimenduen artean El Baradeirena dago, Bakearen Nobel sariduna izateaz gain, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako zuzendari izandakoa ere bada, hain justu AEBek Irak inbaditu zutenean. Husseinek suntsipen handiko armarik ez zuela esan zuen.
Orain, Kairon, garai berria gidatzeko buruzagi aproposa da askorentzat, mugimendu asko barneratzeko egokia, baina beste askorentzat oportunista hutsa da, atzerritik etorri berria oposizioaren lanari etekina ateratzeko.Atzo bertan aitortu zuenez, ez da garrantzitsuena hautagai izatea, baina «jendeak nahi badu argi dago bere esanetara egongo naizela».
Gazteen mugimenduak, Apirilaren 6ak, egunotako protestatan garrantzia hartu du, baina inkognita da haren etorkizuna.
Mubaraken ondoren, zer?
SAEBek diktadorea Omar Suleiman presidenteordeak ordezka dezan nahi du; oposizioa ere lanean ari da Legebiltzarra desegin, hautagai aproposak bilatu eta hauteskundeetara deitu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu