Mubaraken PND alderdiko buru politikoak erori egin dira

Diktadoreak alderdiko buruzagitza utzi duela zabaldu dute, baina gero ezeztatu; Gamal semea eta gertukoenak atera diraNazioartea Ekialde Hurbilerako estrategiez aritu da segurtasunari buruzko goi bileran

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Egiptoko Gobernuan zerbait aldatzen hasi dela dirudi, Hosni Mubaraken gobernuaren sostengua bermatu dutenek amore eman dutela ikusita: PND alderdiaren taldeko buruzagi guztiak dimisioa ematera behartu ditu diktadoreak, bere semeGamal Mubarak ere bai, krisia lehertu aurretik erregimena betikotzeko hautagairik sendoena. Horrekin batera SafuatSharif ere atera da alderditik, diktadorearen konfiantzazko gizona 30 urteko jardueran, orain arte alderdiaren idazkari nagusi eta Legebiltzarreko bozeramaile izandakoa. Albistea ematearekin batera presidenteak berak alderdia utzi duela esan zuten arren, ezeztatu egin zuten ondoren albistea. Dena dela, aldaketok oposizioarengana gerturatzeko keinu bat dela diote Egiptoko politikan adituek, oposizioarekin negoziatzeko baldintza nagusia baita Mubarak eta haren inguruko jauntxo guztien inperioa botatzea.

Hosam Badraui izango da hemendik aurrera alderdia gidatuko duena. Erreformen aldekoa da, alderdiaren alde liberalekoa, diotenez. Ez zaio lan erraza egokitu kontuan hartuta alderdia bera jota dagoela. Legebiltzarrean diputatuen ia eserleku guztiak bereganatzeko iazko abenduko hauteskundeetan egindako trikimailuak ordaintzen hasi da alderdia. Oposizioak Legebiltzarra desegiteko eskaeraren aurrean Parlamentuan iruzurraren susmopean zeuden kideen auzibideak hasi dituzte herritarren protestak epeltzearren, eta goi kargu guztiak taldea uztera behartu ditu egoerak. Egunotako protestatan egunero kontzentratu dira PNDren egoitzaren inguruan, eta joan den astean kiskali egin zuten eraikina.

Oposizioak ez du etsi bere eskakizunetan, Kairoko Tahrir plazan protestatan jarraitzen duten milaka herritarrek bezalaxe —diktadorea gobernutik atera arte han jarraituko dutela esaten ari dira behin eta berriz—, baina banatuta egiten ari dira aurrera. Herenegun gauean oposizioko hainbat ordezkarik bilera egin zuten lehenministro Ahmed Shafikekin, baina ez Anaia Musulmanek, hitz egiten hasteko baldintza Mubarakek alde egitea baitute. Mohamed el Baradei Bakearen Nobel saridunak gidatzen duen mugimenduko ordezkariak bai izan dira gobernuko bilera horretan, besteak beste, Abdel Rahman Iusef, eta Shafikek Mubarakek boterea uzteko eskaeraren erantzuna «saihestu» egin zuela nabarmendu du bileraren gainean. «Bere irteerak berehalakoa izan behar duela jakinarazi diogu, baina horretaz ez du ezer jakin nahi izan». Egunotan diktadorearen aldekoek eragindako liskarren inguruan ikerketa abiatzeko eskatzea izan da beste eskaeretako bat.

Anaia Musulmanek, berriz, ez dute bilera horren berri izan, Gamal Nasar buruzagiak argitu duenez, baina «gogor» jarraituko dute diktadorearen albokoei elkarrizketa ukatzen, «herritarren eskaerak onartu arte». Egoera gero eta okerragoa izango dela uste du Mubarakek boterea uzten ez badu, eta krisiak denboran luze jotzen badu indarkeria ekintza gogorren aroa hasiko dela.

Bien bitartean, oposizioak oro har armadarekin negoziatzearen aldeko jarrera azaldu du, haiekin batera trantsizio gobernua abiatu ahal izateko. «Militarrekin lehenbailehen hitz egin behar dugu trantsizioa odola isuri gabe egin dadin».

Mubaraken iragarpenak

Aldaketa hotsak heltzen diren bitartean, Mubaraken gobernua egoera kontrolpean duela erakusten saiatzen ari da. Azken agerraldia —atzo— ekonomiaren inguruan egin dute bere ministroek, alderdiko buruzagien dimisioa iragarri baino ordu batzuk lehenago. Ekonomia ia geldirik egon da protesta egunotan, eta egunean 340 milioi dolar inguruko galerak izan direla kalkulatzen dute adituek, baina egoera «egonkortu» da Samiha Fauzi Fauzi Merkataritza eta Industria ministroaren ustez. Oinarrizko produktuak ez direla faltako ziurtatu du. «Gaurtik aurrera lantegi asko normaltasun osoz hasi dira lanean». Bankuak ere gaurtik aurrera zabalik egongo dira.

Finantza ministro Samir Raduanek ekonomia plan bat iragarri du. «Lanpostuak eta soldata igoera lehentasuna izango dira». Protestetan gazteen artean egoera ekonomikoak eta etorkizun ziurgabeak sortzen duen ezinegona baretu nahi izan du gobernuak iragarpen horiekin.

Baina normaltasun itxura horren atzean mugimendu asko daude, presidentearen inguruan ere bai. New York Times-ek diplomazialari estatubatuarrei esker jakin du Omar Suleiman presidenteordea —eta hura ordezkatzeko hautagaia— eginahalak egiten ari dela Mubarak gobernutik aldentzeko. Bi aukera aztertzen ari da: Sharm al Sheiken duen egoitzara erretiratzea, edo Alemaniara joatea pairatzen duen minbizia aitzakia hartuta, protestak baretu arte.

Nazioartearen estrategiak

Orain edo beranduago, atzera itzulerarik ez duen egoera marrazten ari da, eta nahasmen horren erdian nazioartea hasi da etorkizunari begira Egiptok ekarriko dituen aldaketen erdian kokatu nahian. Atzo eta gaur Munichen Laukoteak hori du mintzagai nagusia —AEBek, Europako Batasunak, Nazio Batuen Erakundeak eta Errusiak—.

Orain arte Ekialde Hurbilean egonkortasuna izatearren diktadurak laguntzeak dagoeneko ez duela balio esan dute, eta hori dela-eta herrialde arabiarretarako politika berrikusten hasi direla. Europako Batasunaren kasuan, «erreforma politikoetan eta ekonomikoetan barneratuta dauden herrialde arabiarrei eta herritarrei laguntza eraginkorragoa» emateko konpromisoa hartu dute Munichen. Mediterraneoko Batasunari begira ere, instituzio demokratikoak, justizia soziala eta hauteskunde libreak egiteko bitartekoak agindu dituzte.Europako ordezkariak «egoerak uzten duenean»Egipton izango dira bide horiek urratzen hasteko.

Edozein kasutan, ahaleginak egin behar dira «beste erregimen baten esku ez geratzeko». Hori da AEBen beldurra, Hillary Clinton Estatu idazkariak aitortu duenez. Anaia Musulmanek har dezaketen beldurraz ari da Clinton, Egipton oposizioko talderik indartsuenaren jarduera eta horrekin batera musulman ororena oztopatzearren babestu dutelako orain arte, beste arrazoi batzuen artean, Mubaraken diktadura.

Laukoteak, dena den, kanpora begira, Egiptoren etorkizuna egiptoarrek erabaki behar dutela esaten bat egin du, nahiz eta trantsizioan dagoeneko eskua sartzen ari diren batzuk beste batzuk baino gehiago.

Eta estrategia horretan NATOreneginkizuna zehaztea garrantzitsua izango da. Ander Fogh Rasmussen idazkari nagusiarentzat iskanbiletatik atera behar den lehen ondorioa hauxe da: «Defentsan diru gehiago gastatu behar da», Europak krisi ekonomikoagatik gutxitu duen dirua «onartezina» delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.