Hosni Mubarak Egiptoko presidente ohiari bizi bitarteko kartzela zigorra ezarri dio gaur Kairoko Auzitegiak, haren agintaldiaren amaieran 800 lagunen heriotzaren erantzule jota. Poliziaren errepresioaren ondorioz hil ziren lagun horiek. Urtarrilean Fiskaltzak heriotza zigorra eskatu zuen diktadorearentzat.
Habib al Adli Egiptoko Barne ministro ohiari ere bizi bitarteko zigorra jarri dio auzitegiak.
Biak absolbitu egin dituzte ustelkeriagatik eta diru publikoa desbideratzeagatik. Mubaraken bi semeri ere, Ala eta Gamal Mubaraki, ustelkeria leporatzen zieten, baina auzitegiak absolbitu egin ditu.
Auzitegiaren kanpoaldean Mubaraken aurkako "ehunka manifestarik" harriak bota dituzte polizien aurka, Efe berri agentziaren arabera.
Mubarak Tora-ko kartzelara eraman dute, eta Egiptoko telebista ofizialaren arabera, "osasun arazo larria" izan du. Orain arte Kairoko ospitale batean zegoen. Mubaraken defentsako abokatuek helegitea jarriko diote erabakiari, "gehiegizkoa" dela iritzita.
Epaiketak ikusmin handia eragin du herritarren artean, epaileen erabakiak presidentetzarako hauteskundeak guztiz baldintzatu baititzake, eta baita trantsizio prozesua bera ere.