Protestak herrialde arabiarretan. Siria

Muga ireki, eta itxiturara

Martxotik, hamabost mila siriar inguruk eskatu dute babesa Turkian. Eskuzabal hartu ditu Ankarak, baina isolatutako kanpalekuen barruan, iheslariak direla aitortu gabe.

Cosimo Caridi - Ane Irazabal
Antiokia
2011ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Siriaren eta Turkiaren arteko mugak 800 kilometro baino gehiago ditu. Errenka luze horretan, muga-postu murritzek kontrolatzen dute egunotan Turkiara alde egiten ari diren siriarren etorrera. «Ateak zabalik ditugu babesa behar duten siriar guzti-guztiak jasotzeko», aditzera eman zuen Recep Tayyip Erdogan lehen ministroak, herrialde arabiarreko protestak piztu zirenean. Eta hala egin du.

Bashar Al Assaden erregimenetik ihesi, hamabost mila siriar inguruk eskatu dute babesa Turkian, gehienek hegoaldeko Hatay probintzian. Siriarekin lotura historiko estua duen eremua da Hatay, izan ere, 1938ra arte haren zati baitzen. Han, Ilargi Gorriak kudeatzen dituen zazpi kanpaleku ezarri dituzte hainbat barrutitan. Bost hilabeteren ostean, Siriara itzultzea erabaki dute iheslari askok, eta beste hainbeste tokiz aldatu dira, ahaidetasun eta negozio arrazoiengatik. Turkiako Gobernuak emaniko datuen arabera, 6.159 iheslari daude egun kanpamenduetan.

Alta, Turkiako agintariek errefuxiatu hitza erabiltzeari uko egiten diote, eta «gonbidatu» bezala definitzen dituzte Siriatik alde egindakoak. Ahmet Davutoglu Atzerri ministroa azken asteotan hasi da «denboraldi baterako babesa» aipatzen, baina iheslarien egoera legala argi definitu gabe. «Muga zeharkatzerakoan ez dizkiete dokumentuak eskatzen, eta, beraz, ez dira ofizialki iheslari gisa erregistraturik geratzen. Aldi baterako izango delakoan dago gobernua, baina joko politiko zailean sartu da, denen gustukoa izateko jokatzen ari baita», adierazi du Oktay Durukanek, Helsinki Citizenz Assembly erakunde turkiarreko kideak.

Gune isolatuak

Siriako errefuxiatuak gainontzekoengandik banatu ditu Ankarak, horiei trataera desberdina emanez. Mugan aurkitzen ez den kontrol zorrotza ezarri du kanpalekuetan, eta nazioarteko begiraleen presentzia debekatu du. Hedabideek zein giza eskubideen aldeko erakundeek ezinezkoa dute horietan sartzea, eta, gobernuaren kontrolpean, Ilargi Gorriak bakarrik dauka guneetan aritzeko eskubidea.

Bitartean, errefuxiatuen talde murritzek baimena jasotzen dute egunean zehar kanpalekuetatik irteteko. Kazetariek eta gobernuz kanpoko erakundeek orduan daukate barruan gertatzen denaz informazioa jasotzeko aukera.

Mohamed Hsnawi, 24 urtekoa, duela bi hilabete eta erdi iritsi zen Turkiara, eta beste 1.500 lagunekin batera bizi da Boynuyogungo kanpalekuan: «Al Shagur hirikoa naiz, eta nire familiarekin ihes egin nuen, armadak 50 hiritar baino gehiago hil ostean. Turkiara sartzeko hiru bat egun itxaron behar izan genituen mugan. Ez ziguten dokumenturik ezta pasaporterik eskatu, soilik gure izenak». Kanpalekuetan bizi duten egoeraren inguruan, berriz, zera dio: «Egunero hiru otordu egiten ditugu, eta haurrek turkierazko eskolak jasotzen dituzte. Karpa batzuek ospitale gisa funtzionatzen dute, eta zauritu larriak Antiokiako ospitalera eramaten dituzte. Bestetik, Interneteko konexioa dugu, eta gure herrialdean gertatzen denaz informaturik gaude».

Erdoganen gobernuak kritika anitz jaso ditu kanpalekuak isolatuta edukitzeko erabakiagatik, baina Ankarak dio baduela erabakia justifikatzeko pisuzko arrazoi bat: Bashad al Assaden soldadu ohi anitz omen daude errefuxiatuen artean, eta, ofizialen arabera, horien irudiak zabaltzea oso arriskutsua izango litzateke Sirian dituzten senideentzat.

Militar ohi gehienak Kuyubasiko kanpalekuan pilatu dituzte. Han dauden 1.400 siriarrak ez dira Turkiako Gobernuak emandako datu ofizialetan azaltzen, segurtasun arrazoiak direla medio.

Azalpen horiek, hala ere, ez dituzte giza eskubideen aldeko ekintzaileak konbentzitzen. Durukanek hala ikusten du: «Pozik gaude Turkiako Gobernuak Siriako muga irekita duelako eta kanpalekuak ezartzerakoan azkar erantzun zuelako. Baina, aldi berean, ez dakigu zer gertatzen den barruan. Iheslariek kanpora irteteko askatasun mugatua dute, eta atxiloketa humanitarioa bezalakoa da bizi duten egoera. Oinarrizko eskubideak mugatu zaizkie».

Jameef Saib Hatayko kanpalekuetako ordezkaria da. Hsnawik bezala, Jisr al Shagur hiritik Turkiako muga zeharkatu zuen iragan ekainean, Assadek hiria kontrolpean hartu ondotik. Alde egin baino lehenago, bi astez izan zen Siriako mugaldeko eremuetan, gertatzen ari zena dokumentatu nahian: «Mugaz beste aldean hogeita hamar mila lagun inguru daude, haiek eraikitako kanpalekuetan. Ez dira zeharkatzera ausartzen, nortasun agiriak eskatuko dizkietela uste baitute».

Jameefen salaketa, ordea, egoera politikotik haratago doa: «Erregimenak dio 2.500 pertsona hil direla protestak hasi zirenetik, baina ez du ezer esaten desagerturik dauden beste hamabost mila siriarren inguruan. Zer gertatu zaie? Hobi komunetan daude lurperatuta. Horra hor Assad familiaren metodo zahar bat!».

Arazo etnikoa

Siriako iheslarien egoera kontrolaturik daukala adierazi du Erdoganek, baina arduraz begiratzen dio bizilagunari. Iraganeko errefuxiatuen etorrerek bizirik diraute gobernuko burokraten memorian, batez ere Golkoko Gerraren testuinguruan Iraketik ihesi iritsi ziren milaka kurduen kasua. «Badirudi iheslarien kopurua kontrolaezina izan ezean Turkiak ez duela Nazio Batuen Erakundearen ebazpen batera deituko», adierazi du Durukanek.

Baina eskualdeko tentsio etnikoek adi mantentzen dute Ankara. Gutxiengo arabiar garrantzitsu bat du Hatayk, eta hiriburuan, Antiokian, handia da alauiten kopurua. Sirian ere erregimenaren oinarri nagusia dira alauitak, populazioaren %13 izan arren. Durukanek hala ikusten du: «Tentsioa nabaria da, eta Turkiako Gobernua beldur da Hatayko bizikidetza okertuko ote denborroka etnikoek Sirian eztanda eginez gero».

Artean, kanpalekuak handituz doaz egunetik egunera, eta Ilargi Gorriaren ikurra duten karpa berriek Siriatik alde egindako herritarrak jasotzen dituzte. Errefuxiatuei, halere, sarritan entzuten zaie behin-behinekoa dela bizi duten egoera. «Iraultza amaituko dugu; itzuliko gara», uste du Hsnawik, eta «Ajaak iddoor ya doctor» (zure ordua iritsi da, doktore) leloa oihukatzen du, esperantzara kondenatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.