Robert Mugabe presidenteak, alta, ez du oztopo handirik izango bozak irabazi eta horiek zilegiak izan ote diren ezkutatzeko. Nazioarteko begiraleei herrialdera joatea debekatu die Mugabek. Afrikako 200 eta 300 begirale baino ez dira egongo bozkalekuetan.Afrikako musika eta dantza lagun amaitu zuen atzo kanpaina politikoa 81 urteko presidenteak: «Esaidazue, arren, non dagoen hau baino libreagoa den herrialderik?». ZANU-PF Zimbaweko Batasun Nazional Afrikarra-Fronte Patriotikoko buruzagiak bere sistema politikoa demokraziaren «aldaera» bat dela esan zuen bere azken diskurtsoan: «Zimbawek bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea du».Orotara 5,8 milioi herritarrek eman dute izena bozkatzeko 12,9 milioi daude Zimbawen. Iparraldean, Mugaberen gotorlekuan, gora egin dute hautesleek; hegoaldean, berriz, ez da askorik handitu kopurua. Bulawayo da oposizioaren eremua, eta herritarrek izena emateko zailtasunak izan dituztela salatu dute. Atzerrian babestuta bizi diren ehunka mila herritarrei ere bozkatzea debekatu die Mugabek. Legebiltzarra 150 ordezkariz osatuta dago, presidenteak, baina horietatik 30 izendatzen ditu zuzenean edo zeharka. Bozetan, beraz, 120 dira aukeratzen diren legebiltzarkideak.Bulawayo hirian bizi den Pius Ncube artzapezpikuak «indarkeriarik gabeko herri iraultza» egiteko deia egin zien herritarrei. MCDko bozeramaile David Coltarten arabera, baina, ez dago iraultza sustatzeko baldintzarik: «Ez dut uste herri hau kalera ateratzeko prestatuta dagoenik. Hau ez da Kiev edo Belgrad. Zimbawen ez daude komunikabide independenteak ezta gure kausarekin bat egiten duten bizilagunak ere».Oposizioari «Mendebaldeko inperialismoaren bitartekoa» izatea leporatu dio Mugabek: «Inperialista on bat da hilda dagoena». AEB Ameriketako Estatu Batuetako agintariek, berriz, tiraniaren aurrelerroaren zerrendan jarri zuen iragan urtarrilean Zimbawe. Mugabek agintean segitzearren oposizioaren kontrako indarkeria kanpaina daramala argudiatu zuen Washingtonek. Europak kritika gogorrak egin dizkio presidenteari eta duela hiru urte bahimendua ezarri zioten Zimbaweri. «Gezurrak, gezurrak eta gezurrak. Europarrek uste dute gezurrak politikaren parte direla». Bertako kaos ekonomiko eta politikoaren erantzuleak zeintzuk ziren zehaztu zuen Mugabek: «Etxe Zuria eta Downing Street».Erresuma Batuko lehen ministro Tony Blairri herrialdeko barne gatazketan eskua sartu izana egotzi dio presidenteak. Agintetik kentzeko asmoa duten «botere kolonialen» burua da, bere ustez, Blair: «Ez ezazu burua lur azpian sartu ostruka baten moduan». Margaret Thatcherrekin hobeto moldatzen zela adierazi zuen Mugabek: «Gizonetik gizonera hitz egin genuen sarritan».
Inoizko krisi ekonomiko handiena
Afrikako aletegia izan da historikoki Zimbawe. Azken urteotan, baina, kontinenteko herrialde pobreenetako izatera pasa da eta egun inoizko krisi ekonomiko handienaren aurrean dago inflazioa %100 baino handiagoa da. «Inork ez du goserik pasatuko», esan zuen atzo presidenteak azken mitinean. Gerora baina, herrialdean, gosea pasatzen dela onartu zuen Mugabek.
Nazioarteko elikagaien banaketa politikoa leporatu dio oposizioak agintariari, hegoaldeko herritarrei anoa murriztu zaiela zehaztuz. Munduko Elikagaien Programaren arabera, herritarren erdiak bizi dira nazioarteko laguntzari esker. Langabezi tasa %80koa da. Osasun egoera, berriz, larria da oso. Hiru pertsonetatik bat hiltzen da hiesak jota. Hezkuntzaren maila, alta, altuenetakoa da Afrikan. Herritarren %85 alfabetatuta daude, hain zuzen ere.Zimbaweko Konstituzioaren arabera 2008. urtean utzi beharko du kargua Mugabek. Legebiltzarrean nagusitasuna lortzen baldin badu, dena den, epe hori luzatu eta agintean jarraitzeko aukera izango luke mandatariak edo behintzat ondorengo egoera politikoa prestatzeko. 2008. urtean, baina, 84 urte izango ditu jada botere mugagabea izan duen Mugabek.
-
Datua
%70
Zimbawe herrialde aberatsa izan da beti, lurrari esker. Lurraren erreformak, alta, herrialdea pobretzea ekarri du. Zurien esku zeuden lur emankorren %70, eta beltzen artean banatzeko asmoa zuen Mugabek. Lurrak, baina, bere jarraitzaileen artean banatzea egotzi dio oposizioak, batez ere politikari eta militarren artean. Lurra landu gabe dago.
-
Kronologia
1980: Erresuma Batutik independentzia lortu zuen Rhodesiak. Zimbawe izena hartu zuen orduan. Robert Mugabek bozak irabazi zituen. Ian Smithen erregimen arrazistaren kontrako gerran 27.000 pertsona hil ziren 1972. eta 1979. urteen bitartean.
1987: Konstituzioa aldatu eta erregimen presidentziala ezarri zuen herrialdean Mugabek.
1989: Marxismoa baztertu eta merkatu ekonomia sustatu zuen Mugabek.
1992: Lurren erreforma hasi zen, zurien esku zeuden lurrak beltzen esku uzteko.
1996: Mugabek bozak irabazi zituen, botoen %92,7rekin. Oposizioak iruzurra salatu zuen.
1999: Oposizioak MDC Aldaketa Demokratikorako Mugimendua alderdia sortu zuen.
2000: Estatuburuen boterea handitu eta lurrak kalte-ordainik gabe desjabetzeko erreforma baztertu zuten herritarrek erreferendumean. Gerrako beteranoak zurien lurrak okupatzen hasi ziren.
2002: Legebiltzarrak boto eskubidea eta prentsa askatasuna murrizteko legeak onartu zituen