Azken bi urteotako asterik gogorrenetakoa izan da Kanputxearen eta Thailandiaren arteko mugaldean. Iragan astelehenean, Kanputxeako auzitegi batek sei eta zortzi urteko kartzelaldia agindu zuen bi ekintzaile thailandiarrentzat, muga legearen kontra pasatzea eta espioitza egotzita. Lehendik ere nahikoa tentsio ez bazegoen, ebazpen horrek mugaldeko giroa erabat gaiztotu zuen, eta bi armadak elkarren aurka hasi ziren. Aste guztian istiluek ez dute etenik izan, atzora arte, azkenean su-etena hitzartzea lortu baitzuten. Ostiralaz geroztik gutxienez bost lagun hil direla baieztatu dute iturri ofizialek.
Mugaren alde bateko eta besteko militarren buruek, Thawatchi Samutsakorn teniente jeneral thailandiarrak eta Chia Mon kanputxearrak, atzo arratsaldeko lehen orduan adostu zuten borrokak etetea. Eremu hartara soldadu gehiago ez eramateko eta nork bere gizonak zaintzeko konpromisoa hartu zuten, gainera, berriz sua ez pizteko.
Ez dago jakiterik bi herrialdeen arteko mugan lasaitasunak zenbat iraungo duen. Baina egoera oso hauskorra da eta edozein aitzakia nahikoa arrazoi izan liteke berriz borrokan hasteko. Atzo, esaterako, bi armadek elkarri tiroka eta kanoikadaka jardun zuten su-etena adostu baino pare bat ordu lehenagora arte, eta gutxienez soldatu thailandiar bat hil zen. Herenegun beste lagun bat hil zela jakinarazi zuen Thailandiako Gobernuak, eta beste hiru hil zirela Phay Siphan Kanputxeako Gobernuko bozeramaileak.
Hildakoak ez ezik, inguruko etxebizitzetan eta bestelako azpiegituretan kalteak ere eragin dituzte bi armaden arteko borrokaldiek. Atzo, esaterako, kanoikaden ondorioz, hainbat eraikinek su hartu zuten, eta mugaren bi aldeetako ehunka lagun etxetik atera behar izan zituzten.
Bi armadek su-etena hitzartu eta berehala, muga zeharkatzeko Chong Jomgo pasabidea zabaltzeko agindu zuen Thailandiako Surin probintziako gobernadoreak, herenegun itxi egin behar izaten zutelako liskarrengatik.
Suthep Tuagsuban Thailandiako lehen ministroordeak pozik hartu zuen su-etenaren berria, eta egoera lehenbailehen normaltzeko itxaropena azaldu zuen. «Guztiok egin behar genuke mugaldeko giroa baretzeko ahalegina, horrela bakarrik lortuko dugulako».
Jarrera gogortzearen alde
Bi herrialdeetako agintariak mugaldeko giroa lasaitu nahian zebiltzan bitartean, milaka alkandora horik Bangokeko kaleak hartu zituzten, gobernuari jarrera gogortu dezala eskatzeko. Haien ustetan, mugaldeko arazoak jorratzerakoan bigunegi jokatzen du kanputxearrekin, eta jarrera aldatzeko eskatu zioten atzo egindako manifestazioen bidez.
Kanputxeak eta Thailandiak mugaldeko lurrengatik dituzten ezinulertuak ez dira berriak. 1962an Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegiak ebatzi zuen Presh Vihear tenplua Kanputxearena zela, haren lurretan zegoelako. Tenplua berea ez dela onartzen du Thailandiak, baina haren inguruko lurrak —6,4 kilometroko eremu bat— bereak direla esaten du. 2000n mugako arazoak konpontzeko batzorde bat sortzea hitzartu zuten bi herrialdeek, eta egun batzorde hark dumuga finkatzeko ardura. 2008an, Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak gizadiaren ondare izendatu zuen Presh Vihear tenplua. Ordutik mugaldeko egoera gaiztotu egin da.
Mugaldeko borrokak etetea hitzartu dute Kanputxeak eta Thailandiak
Gobernuari kanputxearrekiko jarrera gogortzeko eskatu diote milaka alkandora horiek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu