Tabare Vazquez koalizioko kideak azaroan irabazi zituen bozak. Hura presidente izendatzeko parlamentuan eginiko ekitaldian, karguaren zina egin du asanbleako presidente Lucia Topolanskyren aurrean. Vazquezek 75 urte ditu.
Parlamentuko ekitaldiaz gain, kalean ere ospatu dute izendapena, Montevideoko Independentzia plazan jendetza elkartuta. 30 urte dira Uruguaiko diktadura amaitu zenetik, eta Vazquezek diktadura osteko agintariak goraipatu ditu.
Nazioarteko ordezkari ugari izan dira izendapenean, eta "askatasun, autodeterminazio eta integrazio" balioen defendatzaile gisa aurkeztu die bere burua. Horien artean izan dira Raul Castro Kubako presidentea, Michelle Bachelet Txilekoa, Dilma Rousseff Brasilgoa eta Rafael Correa Ekuadorkoa. Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Larraitz Ugarte diputazioko bozeramaileak ere parte hartu dute.
Uruguayko Mugica eta Tabaré arteko kargu aldaketagatik egindako bidaiaren gaurko irudiak pic.twitter.com/mEEIvuoMGU
— Gipuzkoa Berria (@GFA_berri) March 1, 2015
Igandean utzi zion Jose Mujicak Uruguaiko presidente izateari. Bost urte egin ditu agintean Frente Amplio ezkerreko koalizioko politikari eta diktaduraren aurkako gerrillari ohiak. "Herri maitea, mila esker zure besarkadengatik, kritikengatik, maitasunarengatik eta, gehienbat, presidentetzan bakarrik sentitu naizen aldiro erakutsi didazun adiskidetasun sakonagatik", adierazi zuen larunbatean, presidente gisa egindako azken hitzaldian.