Bi astetik behin hizkuntza bat hiltzen da. Mundua ulertzeko modu berezi eta ordezkaezina galtzen da betirako, azken hiztunarekin batera. Eta planetaren bioaniztasun linguistiko eta kulturala are gehiago pobretzen da galera bakoitzaren ondorioz.Adituen arabera, munduan egun hitz egiten diren 6.700 hizkuntzetatik erdiek mende honen amaiera baino lehen galtzeko arriskua dute, haien galbidearen aurka gobernuek neurririk hartu ezean. Munduko hizkuntzen %96 herritarren %4k hitz egiten dituzte, eta %90 ez daude Interneten ere. Afrikako hizkuntzen %80 ez dira idatzi ere egiten.
Unescok munduan arriskuan diren hizkuntzen atlas berritua kaleratu du berriki. Interneten ikusgai dago (www.unesco.org), eta 28 euroren truke eskura daiteke liburua. Hain zuzen ere, atlasa egiten duen hirugarren aldia da. Beste bi atlasak 1996an eta 2001ean kaleratu zituen Unescok. Azterlan mardul hori egiteko, mundu osoko 30 hizkuntzalarik lan egin dute Unescorentzat. Lan hau kaleratzearekin batera, Unescok jakinarazi du aztertzen ari direla zer harreman egon daitekeen munduaren bioaniztasun linguistikoaren eta biologikoaren artean.
Beste bi atlasetan bezala, euskara arriskuan diren hizkuntzen artean zerrendatu dute hizkuntzalariek. Berez, bost arrisku maila bereizi dituzte, eta euskarari arriskurik txikiena eman diote. Baina, salbuespen batekin: Ipar Euskal Herriko egoera. Hain zuzen ere, egoera ahulean dago euskara, oro har; baina Iparraldeko kasuan, oso arriskuan. Horrek zer esan nahi du? Unescoren arabera, aitona-amonek hitz egiten dutela; gurasoek ulertzen dutela, baina ez dutela erabiltzen, seme-alabekin ere ez.
Izan da aldaketarik aurreko atlasetik hona. Ez euskararen egoerari dagokionez, baina, esaterako, katalana eta galiziera kendu dituzte arriskuan diren hizkuntzen zerrendatik. Guztira, 2.473 hizkuntzako atlasa osatu dute, haietako 229 desagertuta, 1950. urtetik.
AEBetako adibidea
Mundua linguistikoki nola pobretzen ari den adibide bat: AEB Ameriketako Estatu Batuetan desagertu da hizkuntza gehien XX. mendearen erditik: 54 hizkuntza galdu dira ordutik, eta beste 74 egoera kritikoan daude, alegia, desagertzeko zorian. Errepaso historikoa egin dute Unescoko adituek AEBetan izan den hizkuntza galerari buruz, Cristobal Colon Amerikara iritsi zenetik hona. Izan ere, Colon iritsi zenean AEBetako lurraldean hitz egiten ziren 280 hizkuntzetatik 115 desagertu dira jadanik. Hurrengo urteotan are eta gehiago handituko da zerrenda.
Hizkuntzak desagertzeko arriskuan mundu osoan badira ere, hiru eskualde hauetan dago hizkuntza gehien galtzeko zorian: Melanesian, Saharaz hegoaldeko Afrikan eta Hego Amerikan. Hain justu ere, hiru leku horietan dago munduko aniztasun lingustikorik handiena.
Merkatuak bateratzen diren bitartean, globalizazioaren aroan, ñabardurarik maite ez duen hertz gabeko mundua ari da nagusitzen, eta, hor, hizkuntza nagusiek baino ez dute indar nahikorik aurrera egiteko. Unescok, baina, hizkuntza gutxituak babesteko beharra aipatu du, eta aholku hau eman du hizkuntzen desagertzeari aurre egiteko: «Hiztunek hitz egiteko eta seme-alabei erakusten jarraitzeko baldintzak sortu behar dira. Horretarako, hizkuntza gutxituak babestuko dituen estatu politikak behar dira, eta ama-hizkuntzan erakustea bermatuko duten hezkuntza sistemak ezartzea». Hiztun komunitateak norbere hizkuntzarekin duen jarrera faktorerik garrantzitsuena dela dio Unescok. Horregatik, hizkuntza aniztasuna eta hizkuntza txikiekiko errespetua bermatuko dituen testuinguru politikoa sortu behar da.
Zergatik desagertzen dira hizkuntzak? Galdera horri ere erantzun dio Unescok: «Hizkuntza bat galtzen da haren hiztunak akitzen direnean, eta hizkuntza erabiltzeari uzten diotenean, oro har zabalduago dagoen eta hiztun komunitate indartsuagoa duen hizkuntza batekin ordezkatuta».
Hainbat arrazoiren ondorioz gertatzen da ordezkatze prozesu hori, barneko faktoreak edo kanpoko faktoreak izan. Kanpoko faktoreen artean, Unescok aipatu du herri baten bortxazko menperatze erlijioso, militar, ekonomiko eta kulturala; eta barneko faktoreetan, berriz, hiztun komunitate baten errefusa hizkuntzarekiko.
Hizkuntza gutxituak. Unescoren atlasa
Mundu bat galzorian
Planetaren bioaniztasuna arriskuan dela gauza jakina da. Baina ez daude bakarrik animaliak eta landareak desagertzeko zorian. Herrien kultur ondare preziatuenak ere —hizkuntzak— arrisku bizian dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu