Azeri zaharra da Benjamin Ben-Eliezer (Irak, 1936), eta jakin badaki politikaren alderik hauskorrenak kudeatzen. Irakeko juduen familia batean sortu zen, eta 1950ean, Israelera bidali zuten, aita atxilotu zutelako mugimendu sionistako kide zelakoan. Ordutik, Israelgo armadari eta alderdi laboristari loturik egin du ibilbidea. Zazpi aldiz izan da ministro, eta egun, Knesset edo legebiltzarreko kiderik zaharrena da. Haren egitekoak, ordea, eztabaida piztu du sarritan. 2002an, Defentsa ministroa zela, Gazan 14 herritar eta Sala Shehade Hamaseko liderra hil zituen bonbardaketaren ardura egotzi zioten, eta gerra krimenengatik salatu zuten. Egiaz, haren diskurtsoa biziki gogortzen da Gazaren eta islamismoaren inguruan hitz egiten duenean. Halere, nazioarteko politikaz jakintza sakona nabari zaio. Ekialde Hurbileko egungo egoeraren ikuskera azaldu dio BERRIAri.
Udaberri arabiarra duten herrialdeak hasi dira lehen hauteskunde demokratikoak egiten. Tunisia izan da lehena, eta Egipto izango da hurrengoa. Zer irizten diozu Ekialde Hurbilean gertatzen ari den eraldaketari?
Oso arduratuta nago. Iraultza sakonak gertatzen ari diren herrialde batzuek inguratuta dago Israel, eta gutxienez hamarkada bat beharko dute baretzeko eta finkatzeko. Ziurra da islamistek boterea eskuratuko dutela herrialde gehienetan, baina horiek dira eredu demokratikoaren ondorioak.Demokraziaren arabera, herritarrek eskubidea dute nahi duten aukerari botoa emateko.
Zergatik zaude, orduan, kezkatuta?
Eredu islamikoa gailenduko dela ziurra da, baina ez da erraza kultura islamista gizarte demokratiko batean eraldatzea. Herrialde arabiarretan, klase ertaina ari da Anaia Musulmanak boterera eramaten, eta hori oso arriskutsua da. Nire ustez, Anaia Musulmanen eta Bin Ladenen artean ez dago ezberdintasunik. Mundua aldatu nahi dute, sinesmen eta arau islamikoak inposatu. Mubarak eta bestelako agintariek ongi ulertu zuten haien arriskua.
Hamasen eta Israelen arteko truke akordioaren bigarren zatia egingo dute laster. Nola erantzun dio Israelgo gizarteak akordioari?
Guretzat garrantzitsua da soldadu gazteei erakustea, Israelen alde borrokatzen ari diren heinean, prest gaudela haien askatasunarengatik edozer ordaintzeko. Armadak gure izatea bermatzen du, mundu odoltsu honetan indartsuek besterik ez baitute bizirik irauten. Garrantzitsua zen mutikoa etxera ekartzea, eta gobernuak lortu du helburua. Bestetik, ez dut uste kanpoan kartzelan baino hiltzaile palestinar gutxiago daudenik, beraz, 1.000 preso askatzeak ez du egoera aldatuko. Esango nuke Israelgo herritarren %99 akordioarekin ados agertu direla. Dena den, garaipen bat izan da Hamasentzat, eta, beraz, garaipen bat izuarentzat.
Gazaren blokeoan eraginik izango al du akordioak?
Inolaz ere ez. Gazan bizi direnak guztiz bakartuta daude, eta uste dute Israelek desagertu beharko lukeela. Zenbat eta lehenago, hobe. Gazan bizi direnek uste dute bizirik irauteko modu bakarra juduak hiltzea dela. Ikusi zer gertatzen den misilekin, gau eta egun erasotzen digute.
Baina nortaz ari zara hitz egiten, herritarrez edo agintariez?
Herritarrez ari naiz, noski. Esango banizu zer topa daitekeen bertan... misilak, lehergailuak, armak, eta terrorista suizidak. Hala ere, Hamaseko agintarien artean asmo ona dagoela dirudi, eta Israelgo Gobernuak aukera hori baliatu beharko luke.
Nola ikusten duzu Palestinako estatuaren onarpenaren egoera? Segurtasun Kontseiluak eztabaidatzen jarraitzen du oraindik...
Palestinarrek ez dute Segurtasun Kontseiluaren iragazkia pasatuko, baina, nolanahi ere, Israelek ez du Palestinako estatua onartzea beste aukerarik. Horretarako, ordea, negoziazioek berriz hasi behar dute, 1967ko mugen gainean estatu bat eraiki dezaten. Jakin badakite Zisjordaniako toki batzuetatik ez garela sekula mugituko, Gush Etzion osatzen duten kokalekuak kasu. Baina horren truke beste eremu batzuk emango dizkiegu, Gazaren inguruan, adibidez. Kolonien kontua konpondu behar dugu, hori baita arazorik larriena.
Alderdi Laboristako zenbait kide kritiko agertu dira kolonien eraikuntzarekin, baina, aldi berean, Sheli Yejimovich alderdiko lider berriak adierazi berri du horien eraikuntza ez dela delitua.
Herrialde honetan inork kolonien arazoa konpontzen badu, Likud alderdia izango da. Ezkerreko alderdietako ordezkariek berezko iritziak izan ditzakegu, baina gizarteko sektore handi baten aurrean ez dugu eragiteko indarrik. Herritarrek askoz gehiago onartuko lukete eskuineko alderdi batek kolonien auziari aurre egingo balio. Nire ustez, Benjamin Netanyahu lehen ministroak egungo egoera aprobetxatu beharko luke, Shaliten akordioak piztu duen itxaropenari eutsiz. Laukotearen laguntzaz, Mahmud Abbasekin negoziazioak berrezartzen saiatu beharko litzateke.
Egungo egoerari begira, Netanyahuk hauteskundeak aurreratu ditzakeela adierazi dute Israelgo zenbait hedabidek. Positiboa izan al daiteke alderdi laboristarentzat?
Ziur nago hurrengo bozetan bigarren indarra izango garela, baina data ofiziala bi urte barru da, eta ez dut uste lehen ministroak data aurreratuko duenik, ekintza dramatikorik gertatu ezean. Netanyahuk oso gogor eusten dio aulkiari, koalizioko kideek boterea ixteko intentziorik ez dutelako. Eskumako aldean Lieberman eta muturreko ortodoxoak dauzka. Zentroko eredua islatu nahian, berriz, Ehud Barak dago, eta harentzat ere azken aukera da. Gobernuko kideek oso sendo mantentzen dute koalizioa.
Benjamin Ben-Eliezer. Israelgo Alderdi Laboristako legebiltzarkidea
«Mundu odoltsu honetan indartsuek besterik ez dute bizirik irauten»
Israel iraultzan diren herri batzuek inguratuta dagoela eta, kezkaturik dago Defentsa ministro ohia; haren ustez, Palestinak galdua du NBEn duen borroka; ez, ordea, Israelen onarpena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu