Orotara 20,8 milioi iheslarik jasotzen dute NBEko erakundearen laguntza 16 herrialdeetan. Horietatik errefuxiatuak diren gehienak, baina badaude desplazatuak eta herritartasunik gabeko komunitateak ere. Beren etxeetatik ihes egin duten, baina beste herrialde batera joan ez direnak dira desplazatuak. Horiek, berez, bizi diren herrialdeko Gobernuaren babespean daude, baina kasu batzuetan UNHCRren laguntza jasotzen dute. Gobernuz kanpoko erakundeek, baina, desplazatuei arreta gehiago eskaintzeko eskatu diote NBEri, gobernuek ez dutela nahikoa egiten argudiatuz. Herritartasunik gabekoak, berriz, gurasoak atzerrian jaio eta beste herrialde batean bizi direlako edo beste arrazoiren batengatik herritartasunik ez duten horiek dira.
AHAZTUTAKO GATAZKAK, LARRIENAK. Nazioarteak ahaztutako gatazken ondorioak dira larrienak. Enfrentamendu horietatik ihes egin duten baina muga zeharkatu ez duten iheslariek ez dute nazioartearen laguntzarik jasotzen, ez guztiek behintzat, nahiz eta kopuruak kezkatzeko modukoak izan. Hala salatu du Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak. Horien arabera, Kolonbian soilik hiru milioi desplazatu daude, eta bi milioi inguru Darfurren. Horiek adibide batzuk besterik ez dira.
Duela 50 urte errefuxiatuen eskubideak bermatzeko sortutako legediak ez ditu kontuan hartzen desplazatuak, nahiz eta horiek errefuxiatuak baina askoz gehiago izan. Hori dela eta, desplazatu horien egoera larria da oso kasu gehienetan, ezin dutelako beren etxeetara itzuli, eta herrialde hartako Gobernuak ez duelako haien segurtasuna bermatzen. «Nazioarteak diru laguntzak ematen dizkie maiz gatazkak bizi dituzten herrialdeetako gobernuei, errefuxiatuak beste herrialde batera joan ez daitezen», salatu dute MSFko arduradunek. Ondorioz herritarrek ez dute babes bila atzerrira joateko aukerarik, eta hori haien eskubideak urratzea dela salatu dute.
Azken lau urteotan sei milioi errefuxiatu itzuli dira beren herrialdeetara, baina horrek ez du esan nahi jada laguntzarik behar ez dutenik. Liberian da egunotan Guterres, etxera itzuli berri diren errefuxiatuen egoera bertatik ezagutzeko. «Nazioarteko komunitateak arreta gehiago eskaini behar die etxera itzuli berri diren horiei. Gizartean beren lekua aurkitzen lagundu behar die», nabarmendu du Guterresek. NBEren iritziz, nazioarteak azkarregi ahazten ditu amaitutako gatazkak, horien ondorioak kontuan hartu gabe: «Gerra zibilak eragindako hondamendiak ez dira goizetik gauera konpontzen. Herrialdeak ezerezetik hasi behar du maiz».
KOLONBIAKO ETA RUANDAKO KASUAK. Kolonbiako eta Ruandako kasuak larrienetariko batzuk dira. Lehenengoan ia hiru milioi pertsonek joan dira beren etxe eta herrietatik, gerrillarien eta Armadaren arteko enfrentamenduetatik ihesi. «Inoiz ez genuen pentsatu gure etxera itzuliko ez ginenik. Baina behin ihes eginda desplazatua zara betirako. Bizimodu bat da», dio nekazari batek. Maiz, nekazaritza inguruetan bizi direnei gerrillariei laguntzea leporatzen diete. Ondorioz, asko eta asko beldurrez bizi dira. Era berean, herrietatik ihes egin dutenek osasun arazoak dituztenean zail izaten dute medikuarengana joatea, gerrillariekin topo egiteko beldur direlako edo inguruetan medikurik ez dagoelako. «Hirietan seguru bizi direnek begi txarrez begiratzen gaituzte», salatu du kanpamendu batean bizi den emakume batek.
Ruandako egoera ez da askoz hobea. Azken sei hilabeteetan 20.000 ruandarrek egin dute ihes Burundi iparraldera. Mehatxuak, erasoak eta hilketak salatu dituzte, eta etxera itzultzeko beldur dira. «Senarra atxilotu eta hurrengo egunean nire bila etorri ziren. Galdekatu egin nahi ninduten. Gerrillariei laguntzea leporatu zioten senarrari. Ez nintzela haiekin joango esan nienean, haren gauzak eman zizkidaten. Ihes egiten saiatu zela eta tiroz hil zutela esan zidaten», dio 25 urteko emakume ruandar batek. Hamabi urte igaro dira Ruandako genozidioa gertatu zenetik. Hilketen erantzule nazioargehienak Ruandan bertan auzipetuko dituzte. Askok salatu dute, ordea, epaitegi horiek akusatuen alde jokatzen dutela.
Gobernuz kanpoko erakundeek desplazatuei arreta gehiago eskaintzeko eskatu diote NBEri
Azken sei hilabeteotan Burundira ihes egin duten 20.000 ruandarrek mehatxuak salatu dituzte