The Boston Globe kazetak proposatu zuen, abuztuaren 10ean. Donald Trump presidenteak azkenaldian prentsaren aurka egindako adierazpenei erantzutea zen asmoa, eta hala egin dute AEBetako eta nazioarteko 350 egunkarik baino gehiagok; The New York Times-ek eta The Guardian-ek, besteak beste.
Trumpek prentsa "herriaren etsaia" dela esan ostean abiatu zuen egitasmoa Bostongo egunkari horrek, eta sare sozialen bidez egin zuen deialdia #EnemyOfNone traolarekin (inoren etsai ez). Kazetak iragarri zuen gobernuak prentsaren aurka egitearen arriskuei buruz idatziko zuela gaurko editoriala, eta gauza bera egiteko eskatu zien gainontzeko egunkariei ere. Hasieran, 100 komunikabide inguruk egin zuten bat proposamenarekin, baina gaur 350etik gora izan dira antzeko editorialak argitaratu dituztenak.
Kazetariak ez dira etsaiak dio The Boston Globe-k argitaratu duen editorialak, eta gogorarazi du prentsa askatasuna izan dela AEBetako gizartearen oinarrietako bat azken berrehun urtean. "Prentsa askea estatuak kontrolatutako komunikabideekin ordezkatzea izan ohi da estatu bat kontrolpean hartzeko erregimen ustelek egiten duten lehen urratsa".
Bide beretik jo du The New York Times kazetak ere. Editorialean, onartu du bidezkoa dela prentsa kritikatzea "kazetariak ere gizakiak direlako eta okerrak egiten dituztelako", baina ohartarazi du ez dela onargarria gobernuarekin kritiko diren albisteak "faltsuak" direla esatea.
Erresuma Batuko The Guardian-ek ohartarazi du AEBetan "arriskuan" dagoela prentsa askatasuna. Kazetak gogorarazi du Trump ez dela prentsari erasotzen dion lehen buruzagi estatubatuarra, baina bai kazetarien lana kolokan jarri eta haiei zilegitasuna kentzeko politika bat bultzatzen ari den lehena.