Mundua urak hartuta

Azken egunotan, munduko hainbat herrialdetan uholdeek txikizio larriak eragin dituzte; ikerlariek diote 'La Niña' fenomenoak sortu dituela eurite bortitz horiek.

mikel rodriguez
2011ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Aldi berean, munduko hiru kontinentetan, uholdeek sarraski eta txikizio ikaragarriak eragin dituzte. Azken egunotan, urak hartutako lurren irudiak ikusi dira hainbat herrialdetan: Brasilen, Australian, Filipinetan, Sri Lankan... Iaz ere, euriteek hondamendi larriak eragin zituzten Pakistanen, Mexikon, Guatemalan, Venezuelan eta bertze hainbat tokitan. Arazoa globala da, eta, ikerlari batzuen iritziz, globala da horren eragilea ere: La Niña fenomeno meteorologikoa.

Ozeano Barean sortzen den fenomenoa da La Niña, eta munduko bertze fenomeno nagusi El Niño-ren ondotik gertatu ohi da. Itsasoko uren hozteak eta ekialdeko haizeak sortzen dute fenomenoa, ziklikoki, eta ondorioak eragiten ditu Ozeano Barearen bi aldeetan: Asiako eta Ozeaniako ekialdean itzelezko hodei masa pilatzen du; eta Hego Amerikako mendebaldea, berriz, garbi uzten du. Hala ere, ekialdeko haize gogorren faltak Ozeano Atlantikoko hurakanen sorrera errazten du Karibe osoan.

La Niña iragar daitekeen fenomenoa da, Erresuma Batuko Reading Unibertsitateko doktore Nicholas Klingmanen arabera. «Hilabete batzuk lehenago iragarri genuen fenomenoa ohi baino indartsuagoa izanen zela, baina ezin genuen jakin Australian egunero gaindituko zenik euriteek botatako ur kopuruaren marka».

Australiako Meteorologia Bulegoak ere La Niña-ri egotzi dio azken egunotako euriteen indarra. Izan ere, Australiako Queensland estatuko gune anitz urpean gelditu dira. Queenslandeko gobernuburu Anne Blighek adierazi du kaltetutako eremuak berreraikitzeko lanak «gerraosteko tamainakoak» izanen direla. 70 hiri eta herri inguru daude urpean edo isolatuta; horien artean, estatuko hiriburua, Brisbane. Australiako hirugarren hiria da, eta bi milioi biztanle ditu. Astelehenaz geroztik, hamabortz lagun hil dira uholdeetan, eta desagertuak gutxienez 60 dira.

Hildakoei dagokienez, ordea, Hego Amerikan gertatu da triskantzarik handiena, Ozeano Atlantikoko kostaldean. Brasilen, gutxienez 394 lagun hil dira Rio de Janeiro estatuko uholdeetan, iturri ofizialen arabera. Hildako gehiago izan daitezkeela ohartarazi dute agintariek, desagertutako lagunak baitaude —ez dute kopurua zehaztu—. Hondamendirik handienak Nova Friburgo eta Teresopolis hirietan gertatu dira. Hiri bakoitzean 170 lagun inguru hil dira, horietako gehienak euriteen ondorioz pilatutako lohiak harrapatuta. Izan ere, hiri horietako hainbat auzo eremu malkartsuetan kokatuta daude, eta lohiak aitzinean eraman ditu etxebizitza anitz. Bi hirietan hainbat auzo isolatuta daudela ohartarazi dute agintariek. Dilma Rousseff Brasilgo presidentea hondamendiaren eremuan egon zen atzo, eta kaltetuei laguntzeko «ekintza irmoak» eginen dituztela zin egin zuen.

Asian, berriz, Filipinak eta Sri Lankak pairatu dituzte uholde bortitzenak. Filipinetan, 42 lagun hil dira azken bi asteetan, hango agintariek jakinarazi dutenez. 400.000 lagunek etxea utzi behar izan dute. Sri Lankan, iturri ofizialen arabera, 23 lagun hil dira azken bi asteetan, eta desplazatutakoak 320.000 dira. Kaltetutakoak milioi bat inguru dira guztira.

2010a, urterik beroena

Klima aldaketak hondamendi naturalekin duen zerikusia eztabaidagai da duela urte batzutatik. Atzo, gaiari lotutako bi txosten argitaratu ziren. Alde batetik, AEBetako Klimaren Agentziaren arabera, 2010a izan da inoizko urterik beroena, 2005arekin batera —1880an hasi zen datuak biltzen—. David Easterling agentziako kidearen ustez, aldaketa klimatikoa gertatzen ari dela berresten du horrek.

Bertzalde, Europan azken 10 urteetan hondamendi naturalen ondorioz hil diren lagunen kopurua jakinarazi du EB Europako Batasunak: 100.000. Kontinentearen hegoaldeko beroaldiak (2003) eta Izmiteko lurrikarak (Turkia, 1999) eragin zuten hildako gehien: 70.000 eta 17.000, hurrenez hurren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.