Asia-Ozeano Barea. Lehiaren erdigunea

Munduaren ardatz berria

Txinaren eta Asiaren ekialdeko herrien hazkunde ekonomikoa dela eta, munduko potentziak Asia-Ozeano Barean hasi dira arretagune nagusia ezartzen.

mikel rodriguez
2012ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Joera demografikoak, geopolitikoak, ekonomikoak eta militarrak Ozeano Barerantz mugitzen ari dira. Handik etorriko dira gure erronka estrategikoak». Barack ObamaAEBetako presidenteak urte hasieran errandakoa da, AEBetako Defentsa Estrategia aurkezterakoan. Europako mendebaldean sakon errotutako ustea da munduaren erdigune izatearena, mendeetako iragan kolonialistak hauspotutako ideia. XX. mendean,AEBen lidergoarekin, Ardatz Atlantikoa delakoa bihurtu zuten munduaren erdigune. SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren eta bloke sozialistaren lehiarekin, hori bai, baina Ardatz Atlantikoa izan da urte luzez erabaki politiko, ekonomiko, kultural eta abarren erreferentzia. Gerra Hotza amaituta erreferentzia gune horren hegemonia aldi luzea iragarri zuten gehienak, ordea, iritziz aldatzen ari dira orain, azken urteetan ardatza norantz biratzen hasi den ikusita. Washington-Berlin artetik, New Delhi-Tokio artera mugitzen ari da, Asia-Ozeano Barera, baina Washingtonek ere jakin du han lekua egiten.

1. Hiruko nagusia

AEBak, Txina eta Errusia dira sendotzen ari den ardatz berriko aktore nagusiak. Gainerako herrialdeak NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko hiru kide iraunkor horien arrimura mugitzen dira. Munduko potentzia nagusi horiek arreta eremu horretan kokatzearen arrazoia ekonomian dago. Txinak ekonomia kapitalistan sakondu duenetik izandako hazkundea izan da motorra, eta, Hego Korea eta Japonia batuta, mundu osoko inbertitzaileen arreta erakarri du eremuak. Hain zuzen, joan den astean hiru herrialdeek, XX. mendean elkarren aurka gerra odoltsuetan murgilduta egon direnek, negoziazioak hasi zituzten merkataritza askerako eremu bat sortzeko. Mundu osoko barne produktu gordinaren %20 bilduko luke eremu horrek —Kanadak, AEBek eta Mexikok osatutakoak %27 hartzen du, eta Europako Batasunak %25—. AEBak Txinak har lezakeen lidergo ekonomikoaren beldur dira, eta Asia ekialdeko, Ozeaniako eta Latinoamerikako bertze bederatzi herrialderekin merkataritza askerako eremu bat sortzea negoziatzen ari da —munduko merkataritza askerako eremu zabalena litzateke—.

Asia-Ozeano Bareak ekonomian hartu duen zentraltasunak eremu geopolitikoan ere eragin du ezinbertzean. Aberastasuna bereganatzeko, posizio eta aliantza estrategikoetara mugitu dira herrialdeak. Geografikoki eremu horretan arrotza den potentzia AEBak dira. Hala ere, ia mundu osoan bezala, eragin erabakigarria dute. XIX. mende bukaeran agertu ziren han, Espainia Filipinetatik bota zutenean. II. Mundu Gerrak bermatu zuen haien presentzia. Ozeano Bareko frontean Japonia garaitu zuten, eta haren sistema inperiala desegin. Ordutik, fisikoki ere presente egon dira Japoniako eta Hego Koreako baseen bidez —gaur egun, 30.000 militar inguru dituzte herrialde bakoitzean—. Bi gerra gehiago eduki dituzte eremuan: Koreakoa, berdinketa tekniko batean amaitua —Txinak eta AEBek elkarren aurka eduki duten gerra bakarra—, eta Vietnamgo porrot mingarria. Hala ere, ez dute inoiz erreferentzialtasuna galdu.

SESB desegin zenetik, Txinaren hazkundea izan da AEBek Asia-Ozeano Barean hegemonia eskuratzeko izan duten traba nagusia. Beldur hori azaleratu zuen iragan martxoan Hillary Clinton Estatu idazkariak, komikietako gaizkile bati solasean ari balitzaio bezala, «munduarekin» ze asmo dituen argitzeko exijitu zionean Pekini. «Bere boterea erabiliko al du Sirian eta antzeko lekuetan zibilen aurkako indarkeria gelditzeko? Azalduko al du bere indartze militarra? Azalduko al ditu [Asia-Ozeano Bareko] eremuan segurtasunari eusteko helburuz egindako programa politiko eta militarrak?».

AEBen eta Txinaren lehiak pixar bat itzalean utzi du Errusia, baina Vladimir Putinek begi bat eta bertzearen puska bat ere Asia-Ozeano Barera begira paratuta ditu, presidentetzarako kanpainan idatzi zuen artikuluan (Errusia mundu aldakor batean) argi utzi zuen bezala. «Ez gara ari ikusten soilik Txinaren eta Indiaren hazkundea, Asia-Ozeano Barea eremu osoarena baizik. [...] Egitura moderno bat sortu dugu, Siberiako eta Ekialde Urruneko garapenari lagunduko diona, eta gure herrialdeari lagunduko dio are gehiago murgiltzen Asia berrian integratzeko prozesu dinamikoetan».

Izan ere, Errusiak hiriburua eta hiri garrantzitsuenak Europan dituen arren, maparen zati gehiena Ural mendikatetik ekialderako parteak betetzen dio, eta milaka kilometroko kosta du Ozeano Barean. XVI. mendean ezarri zuen lehenbiziko kolonia itsasalde horretan, Moskutik 10.000 kilometrora, eta hurrengo mendeetan Asiako lurralde zabalen kolonizazioa eta dominazioa bermatu zuen, Alaskaraino eta Kaliforniaraino ere eraman zuen zabalkundean. Errusiak Ozeano Barean duen hiri nagusia Vladivostok da, Transiberianoaren ibilbideko muturretako bat.SESBen garaian atzerritarrei debekatutako hiria izan zen, Ozeano Bareko itsas armadaren kokalekua zelako; gaur egun, eremu horretara zabaltzeko ate nagusia da milioi erdi biztanletik goiti dituen hiria. Kokapen estrategikoan dago, Txinako eta Ipar Koreako mugetatik hurbil, eta Japoniaren parean. Vladivostokeko portuak ematen dituen aukerak baliatu nahi ditu Errusiak. Heldu den irailean APEC Asia-Ozeano Bareko Lankidetza Ekonomikoa erakundearen goi bilera eginen da hirian, eta, hori dela, eta, Errusiak sekulako inbertsioa egin du hango azpiegituretan.

2. Gerra Hotz malgua

Azken urteetan Gerra Hotza berpizteko aukeraz mintzatu dira analista anitz. Aurrez aurre, munduaren lidergoa hartu nahi duen Txina eta Errusia alde batetik, eta gain behera legokeen AEBak bertzetik. Oraingo lehia, ordea, ez da XX. mendekoaren parametroetan mugitzen. Ez dago bi eredu politiko antagonikoren arteko lehia, eta blokeen logika ere ez da bera. Kanoiak elkarri begira dituzten herrialdeak negoziotan aritzen dira, eta, alderantziz, kanoiak elkarrekin kokatuta dituztenek zangotraba ekonomikoak paratzen dizkiote batak bertzeari. Zuri-beltzeko eskeman grisak tokia hartu du.

Immanuel Wallerstein soziologoak galdera hauxe plazaratu zuen urte hasieran idatzitako artikuluan: Txina eta AEBak: arerioak, etsaiak, bazkideak?. Bi herrialdeen arteko harremanak anbiguoak dira Wallersteinen ustez, eta ondorioztatzen du arerioak izan litezkeela, ez direla etsaiak «inolaz ere», eta bazkideak direla, eta aurrerantzean are harreman estuagoa izanen dutela. Hori sostengatzeko argudioen artean, soziologoak aipatzen du Txinak AEBetako Altxorraren bonuetan egindako inbertsioa. «Horrekin, AEBetako Gobernuaren gaitasuna finantzatzen du horrek arduratu beharrik gabe segi dezan mundu osoan dituen kanpaina militarrekin, eta bide batez Txinako esportazioen bezero on bat bilakatu dadin ekarriz». «Tarteka» bi herrialdeen arteko erretorika «gogor xamarra» dela aitortzen du Wallersteinek, baina AEBek eta SESBek zutenarekin ezin dela «inondik ere» alderatu. «Azken finean, erretorikari ez zaio gehiegi erreparatu behar. Nazioarteko gaietan, herrialdearen barnean eragin politiko bat lortzeko balio du, eta ez aipatutako herrialdearekin eduki nahi den politika definitzeko».

Blokeei dagokienez, baleude, zailak dira ulertzeko. Txina, Hego Korea eta Japonia elkarri hurbiltzen ari dira—dagoeneko, Pekin da Seulen bezero nagusia—, etsaitasun historikoa nabarmena denean, eta tentsio militarra ezabatu ez denean —Ipar Korearen presentziagatik, batik bat—. Hego Korea eta Japonia AEBengandik urrundu eta Txinara hurbiltzeak uste izatekoa da anitz ahulduko lukeela Washingtonen posizioa. Guztiek ez dute AEBen posizioa mehatxatuta ikusten, baina.

Joseph S. Nye AEBetako Defentsa Idazkaritzako aholkulari ohiaren ustez, hurrengo hamarkadetan Ipar Amerikako herrialde horrek segituko du munduko potentzia nagusia izaten, baita Asia-Ozeano Barean ere. Nyeren argudioetako bat da Txinaren hazkundeak inguruko herrialdeetan sortuko lukeen beldurraren ondorioz, hainbatek AEBen babesa bilatuko luketela. Halako harreman eta aliantza batzuk ikusi dira dagoeneko. Filipinen eta AEBen artekoa, adibidez, are gehiago estutu da azken hamarkadan, George Bushek «terrorismoaren aurkako gerra» aldarrikatu eta Manilarekin talde islamisten aurkako lankidetza militarra hasi zuenetik. Myanmarren ere, Txinaren gibeleko patioan, diktadura militarraren erreforma prozesuan erreferentziala izan nahi du Washingtonek Europako Batasunarekin batera —iazko azaroan Clintonek bisitatu zuen herrialdea—. Hurbilketa paradoxikoena, agian, Vietnamekin egindakoa da, AEBen inoizko porrot militar handiena eragin zuen herrialdearekin. Txinarekin harreman gatazkatsua izan du historikoki Vietnamek, eta azken hamarkadan anitz handitu ditu AEBekiko lotura komertzialak.

Garrantzia berezia, ordea, Asiako bigarren erraldoiak hartu du: Indiak. Bitariko harremanen adibidea da herrialde hori: batetik, Txinarekin batera BRICS taldeko kide da —eta Errusiarekin, Brasilekin eta Hegoafrikarekin—, ekonomikoki hazten ari diren herrialde handienek sortutako erakundea, Mendebaldeari kontrapisu egiteko. Baina, bertzetik, AEBekin anitz estutu ditu harremanak, batez ere horren eta Indiaren etsai min Pakistanen artekoak gaiztotu direnetik. Hil honetan Leon Panetta AEBetako Defentsa idazkaria egon da New Delhin, eta lankidetza militarra estutzeko deia egin du. SESBekin harreman ona zuen Indiak, baina gaur egun, Txinaren hazkundearen aitzinean AEBekin elkarlanean aritzea ongi ikusiko luke analista anitzen arabera.

Errusiaren eta Txinaren arteko harremanek ere gainditzen dute zuri-beltzeko eskema. Segurtasun Kontseiluan auzi anitzetan Mendebaldearen aurka aliatu gisa portatu dira —Sirian, Iranen...—, eta nazioarteko hainbat forotan estrategiak partekatzen dituzte —berriki bildu den Shanghaiko Lankidetza Erakundean, adibidez—. Putinek ere bi herrialdeen arteko harremana goraipatu du, eta nabarmendu du bien arteko auzi politikoak «itxita» dituztela, «garrantzitsuena, mugen auzia, barne» —1969an SESB eta Txina gerran hastear egon ziren horregatik—. Errusiako Ria Novosti agentziak, ordea, Errusiaren Estrategia-2020 txostenean bildutako ondorio batez ohartarazi du: «Errusiaren arrisku handienak, botere gune berriak aurkitzearekin batera, Txinaren ahalmen ekonomikoaren eta nazioarteko estatusaren hazkundea dira». Errusiako Gobernuaren eskariz aditu talde batek eginiko txostena da. Haien ustez, Txinaren lehiakortasun ekonomikoa, Asia erdialdean irabazten ari den eragina —tradizioz, Errusiaren eragin eremuan— eta Washington-Pekin harremana hartzen ari den zentraltasuna dira Moskurentzako mehatxu.

3. Militarizazioa

II. Mundu Gerraz geroztik presentzia militar handiko eremua izan da Asia-Ozeano Barea, baina oraingo testuinguruan garrantzia berezia hartzen hasi da. Iragan martxoan, adibidez, Txinak iragarri zuen aurten aurrekontu militarra %11 igoko zuela, 80.000 milioi euroraino. Japoniak arlo militarrean «gardentasuna»exijitu zion Txinari, eta AEBak ere azalpen eske hasi ziren berehalakoan. Noiz, eta Washingtonek Asia-Ozeano Bareko presentzia militarra erabat hazi duenean.

Hego Koreatik hasi eta Australiaraino base militar sare bat eratu dute, tropen presentzia handitu dute, —Europan, adibidez, murriztu dutenean—, eta Defentsako aurrekontua murriztu duten arren, 2.100 milioi euro gehiago bideratu dituzte Asia-Ozeano Barera. Noam Chomskyk honako irakurketa egiten du: «AEBentzat ur horiek kontrolatzeko politika defentsiboa da; Txinarentzat, berriz, mehatxagarria da. Bertzalde, Txinak hurbileko eremuetan egiten dituen ekintzak defentsibotzat jotzen ditu, baina AEBentzat mehatxagarriak dira. Halako eztabaidarik ezinen litzateke imajinatu ere egin AEBetako kostetan». Chomskyren ustez, ideia «klasiko» bat dago horren gibelean: «AEBek mundu gehiena kontrolatzeko eskubidea dutela, eta AEBen segurtasunak kontrol global absolututik hurbil dagoen zerbait eskatzen duela».

Azken urteetan, beraz, arreta handiagoz begiratu dira eremuko mugimendu militarrak. Koreako 38. paraleloa da orandik ere tentsio gune handiena —munduko muga militarizatuena da—, baina azken urtebetean Txinak inguruko ia herrialde denekin izan ditu tentsioaldi diplomatikoak artxipelago batzuk direla eta —itsas armadak ere mobilizatu dituzte—. Errusia ere gerra-diplomazia joko horretan sartu da Japoniarekin, Kuril uharteetan. Garai batean bazterreko gatazkak zirenei, adi begiratzen zaie orain Atlantiko aldetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.