Bost kontinenteetan daude exekuzioak egiten dituzten estatuak. Heriotza zigorra ezartzen duten herrialdeen kopurua beti da gehiegi, baina azken hamar urteetan zertxobait jaitsi da. Egun 2000. urtean baino 31 estatuk gutxiagok dute preso jakin batzuk hiltzea ahalbidetzen duen legedia. Nolanahi ere, 2010aren amaieran 17.833 preso zeuden, mundu osoan, heriotzaren itxarongelan, Amnesty Internationalen arabera. Gutxienez 527 lagun hil zituzten iaz 23 herrialdetan, G20ko lau kide tartean —AEB, Japonia, Saudi Arabia eta Txina—, eta 2.024tik gora heriotza kondena eman zituzten 67 estatutan.
Heriotza zigorraren inguruko zenbakiak, baina, gutxi gorabeherakoak dira kasu gehienetan. Atzo, esaterako, Txinan bi heriotzaren berri eman zuten: izenik eman ez duten filipinar batena, drogarekin trafikatzeaz akusatua, eta Wang Ziqi, Chongqingo prostituzio kate baten arduradunarena. Baina Txinak askotan ez du kondena kopuruaren berri ematen, beste estatu askok bezala. Gainera, Txinan zein Bielorrusian, esaterako, heriotza zigorra estatuko sekretua da. Ipar Korean, Malaysian edota Singapurren, berriz, informazioa oso urria da. Vietnamen, adibidez, debekatuta dago exekuzio kopurua argitaratzea; Bielorrusian, Botswanan, Egipton eta Japonian, bestalde, hiltzera zigortuek ez dute jakin ere egiten noiz exekutatuko dituzten, ezta euren familiek eta abokatuek ere.
AIk salatu du heriotza zigorra ezarri den kasu askotan delitua ez dela «larria». «Drogagatik, auzi ekonomikoengatik, onartutako sexu harremanak izategatik edota birao egiteagatik zigortu dituzte asko. Ez dute gutxiengo baldintzarik betetzen, giza eskubideen nazioarteko arauen arabera 'delitu larri' gisa jotzeko». Bost dira exekuzio modu ohikoenak: burua ebakitzea, elektrokuzioa, urkatzea, injekzioa eta tiroa.
Europan, bakarra
Joan den astean, Bielorrusiako Justiziak heriotza zigorra ezarri zien Dmitri Konovalovi eta Vladislav Kovaliovi, apirilean Minskeko metroan egindako atentatuagatik —hamabost lagun hil eta beste 200 lagun zauritu ziren erasoan—. «Oso arriskutsuak dira gizartearentzat, eta heriotza zigorra ezarri behar zaie», azaldu du Bielorrusiako Auzitegi Goreneko presidenteordeak. Fusilatu egingo dituzte, herrialdean ohitura den bezala. Heriotza zigorra ezartzen duen Europako herrialde bakarra da Bielorrusia, eta, horregatik, ez da inoiz Europako Kontseiluko kide izan.
Heriotza zigorra
Munduko 31 herrialdetan kendu dute heriotza zigorra azken hamarkadan
Hainbat estatutan hilketak egunero izaten dira; atzo gutxienez bi lagun hil zituzten Txinan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu