mundua

Munduko aberastasunaren erdia biztanleen %1en esku dago

Oxfam erakundearen arabera, geroz eta handiagoa da aberats eta pobreen arteko aldea, atzeraezina bihurtzeraino. Salatu du murrizketa politikek desoreka ekonomikoa handitu dutela Europan.

Etxerik gabeko bat, Grezian, urte berrian Atenasen prestatu zuten bazkari solidarioan. ORESTIS PANAGIOTOU, EFE
Berria.info
2014ko urtarrilaren 20a
15:45
Entzun

Londresen eman du ezagutzera Oxfamek bere txostena (ingelesez, frantsesez eta gazteleraz), eta nabarmendu du munduko aberastasunaren %46 biltzen duela gutxiengo aberats horrek. Eliteentzat gobernatzea: bahiketa demokratikoa eta desoreka ekonomikoa txostenean zehaztu duenez, 81 bilioi euro kontzentratzen da aberats horiek eskuetan, eta horrek inoiz ez bezalako desoreka ekonomikoa dakar, "aberats eta pobreen arteko desberdintasunak atzeraezinak bihurtuz". Gainera, deklaratu gabeko dirua aintzat hartuz gero aldea askoz ere handiagoa dela dio.

Beste datu bat ere eman du desoreka horren adierazle: munduko 85 pertsona aberatsenek munduko biztanlegoaren erdi pobreenak adina diru du. Iaz, 210 lagun gehitu ziren mila milioi dolarretik gora dituztenen zerrendara; une honetan, Oxfamen arabera, 1.426 aberatsek dute diru kopuru horretatik gora, guztira, 4 bilioi euro.

Azaldu du horren guztiaren ondorioz gobernu demokratikoak "bahituta" egotera pasatu direla eta agintariak elite horren mesedetan aritzen direla, "politika fiskal bidegabeak bultzatuz, ustel jardunez eta herritarrei diru sarrera naturalak kenduz". Europan murrizketa politikek desoreka ekonomikoa handitu dutela salatu du. Desoreka horrek azken 30 urteetan gora egin du, eta arazo sozialak handituko dituela uste du Oxfamek. Horiei aurre egiteko, datorren astean Davosen (Suitza) Munduko Ekonomia Foroak egingo duen bilerara begira paradisu fiskalak kentzeko konpromisoa hartzeko eskatu du, dirua mesede politikoen truke ez onartzeko eta osasuna, hezkuntza eta herritarren segurtasuna babesteko zergetan bildutako diruarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.