Munduko biztanleen herenek hondamendiak sufri ditzakete

Hirietan bizi direnen artetik gehienak diru iturri txikiak edo ertainak dituzten herrialdeetakoak dira

Erredakzioa
2010eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Nazioarteko Gurutze Gorriak ohartarazi du munduko hiru biztanletik batek hondamendiren bat sufritzeko arriskua duela. Munduan 6.900 milioi pertsona inguru bizi dira egun; haietatik erdiak baino gehiago, hiri lurretan. Eta hirietan bizi direnen artetik gehienak -2.500 milioi dira zehazki; 1950ean mundu osoan bizi ziren pertsonak adina- diru iturri txikiak edo ertainak dituzten herrialdeetakoak dira. Izan ere, hiri handienak garapen bidean dauden herrialdeetan daude; orain arte, aldiz, ekonomia indartsuak zituztenetan handitzen ziren gehien hiriguneak.

Nazioarteko Gurutze Gorriak argitara eman duen txostenaren arabera, lurra hiri bihurtzeko prozesua azkar ari da gertatzen; eta maiz, inolako antolakuntzarik gabe. Horrek arriskuak dakartza, adituen ustez. Eta bereziki, hirietako auzo pobreetan bizi direnentzat: gaur egun ehun mila milioi lagun bizi dira egoera horretan, eta kopurua nabarmen handituz doa urtetik urtera.

Haiti eta Txile

«Hondamendietarako joera duen etorkizuna saihets daiteke. Joerek ez dute zertan patu bihurtu», adierazi du James Kisiak, Nazioarteko Gurutze Gorriko kideak, txostenaren aurkezpenean. Hala, Haitiko eta Txileko lurrikarak ekarri ditu gogora Kisiak: «Denbora tarte txikiarekin, bi herrialdeek hondamendia sufritu zuten. Txileko lurrikara esango nuke handiagoa izan zela; baina, hala ere, kalteak txikiagoak izan ziren, hobeto prestatuta zeudelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.