Munduko Gizarte Foroaren hamar urteko ibilbidea

2011ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
2001. MGF Munduko Gizarte Foroa egin zen lehenbiziko aldiz, Porto Alegren (Brasil). 117 herrialdetako 4.700 ordezkari elkartu ziren. Ekitaldi horretan adostu zituzten eragileek Gizarte Foroaren hamalau puntuko Oinarrien Agiria. Ekitaldi horren ondotik sortu zuten MGFren Nazioarteko Kontseilua, mundu osoko ehunka eragilek osatutakoa. MGFren hamalau puntuak berretsi zituen Nazioarteko Kontseiluak.

2002. 50.000 lagunek parte hartu zuten bigarren ekitaldian, Porto Alegren. 123 herrialdetako 12.274 ordezkari elkartu ziren. MGF hedatzeko deia egin zuten, eta hura sustatzeko ekitaldiak nazioartean hedatzeko proposamenak egin zituzten. Urte bukaeran, Europako Gizarte Foroa eratu zuten, eta horren ondotik etorri zen Amerikakoa.

2003. Hirugarren aldiz jarraian Porto Alegren elkartu zen foroa. 100.000 lagun inguruk parte hartu zuten ekitaldietan.

2004. Lehenbiziko aldiz Porto Alegre utzi eta Mumbain (India) bildu zen MGF. 75.000 lagunek parte hartu zuten.

2005. Porto Alegrera itzuli zen berriz ere. Ordura arteko parte-hartzerik handiena izan zuen. Irekiera martxan 200.000 lagunek parte hartu zuten.

2006. Foro «zentralizatu gabea» egin zuten, hiru herrialdetan: Bamakon (Mali), Caracasen eta Karachin (Pakistan).

2007. Nairobin 50.000 lagun elkartu ziren. Antolaketak desadostasunak eragin zituen parte-hartzaileen artean.

2008. Mundu osoan mobilizaziorako astera deitu zuen MGFk.

2009. MGF Brasilera itzuli zen, Belemera. 133.000 lagunek parte hartu zuten, eta ordezkaritza eduki zuten herrialdeak 142 izan ziren.

2010. Mundu osoan antolatu zituzten ekitaldiak.

2011. Bigarren aldiz elkartu zen MGF Afrikan, Dakarren. 50.000 lagunek parte hartu zuten jardunaldietan. Ordezkaritza bidali zuten erakundeak 1.200 izan ziren, ehun herrialdetik baino gehiagotik joanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.