Txinako Qingdao hirian sortu dute Magley izeneko trena, bost urtez ikertze eta sorkuntza lanetan aritu ostean. 600 kilometro orduko abiadura hartzen du, eta berezitasun bat dauka: ez da, ohiko trenen modura, txirringekin mugitzen errailen gainean, lebitazio magnetikoaren bidez funtzionatzen baitu. Muntaketa katetik irten berri da, eta laster martxan jarriko dutela aurreikusi daiteke.
Munduko lebitazio magnetikoko trenik azkarrena (600 km/h) muntaketa-katetik ateratzen ari da Txinan. Zarata gutxiago sortzen du eta bere biraketa-erradioa Metroko tren baten erdia da. Hau da trenen etorkizuna? pic.twitter.com/9Pd8kCvJ9A
— Koldo Tellitu (@KoldoTellitu) July 20, 2021
Ez da mota honetako lehenengo trena. 2004. urtean inauguratu zuten funtzionatzeko mekanismo berdintsua erabiltzen duen ibilgailua, Shanghai Maglev. Hala ere, Pudong eta Shanghai hiriak lotzen dituen tren horrek 431 kilometro orduko abiadura hartzen du gehienez ere.
Ibilgailu berria, beraz, munduan orain arte sortu den lurreko garraio azkarrena izango litzateke, sortzaileen arabera. 1.500 km-rainoko bidaiak egiteko modurik bizkorrena izango da, muga horretatik gorako ibilbideak egiteko hegazkina erabilgarriagoa izango baita oraindik ere.
Esaterako, Pekinetik Shangaira hiru ordu terdian heltzeko aukera emango du trenak. Abiadura handiko tren arrunt batek lau ordu eta hemezortzi minututan egiten du bidaia, eta errepidetik hamabi ordu hartzen ditu hiri batetik bestera joateak.
Nola lebitatzen du tren batek?
Harrigarria dirudien arren, 100 kilometro orduko abiadura gainditzen duenean, trenak ez ditu errailak ukitzen. Horren ordez, bi eremu magnetikoren arteko erakarpen eta aldarapen printzipioa erabiltzen du Maglevek. Trenak eta errailek elektroiman indartsuak dituzte, eta, beraz, aldarapenari esker, trena zentimetro batzuk igo daiteke trenbideetatik. Aldi berean, erakarri egiten du, bidetik atera ez dadin eta leuntasunez irristatzeko.
Mota honetako trenentzako, ordea, ez dute balio ohiko errailek, eta elektroimanak dituzten bideak oso garestiak dira. Halaber, gaur egun martxan dagoen Maglev trenak ez du erabiltzaile askorik, tiketak duen prezio altuagatik. Luxuzko bidaia agintzen dute tren berriaren sortzaileek: interneterako 5G teknologia erabiltzen duen sarbidea eta mugikorra kable gabe kargatzeko sistemak izago omen ditu trenak.