Erresuma Batuko Parlamentuak hilaren 19an deklaratzera joateko deia egin die Rupert Murdoch eta haren seme Jamesi —lehena New Corporationen jabea da, eta bigarrena zuzendaria—, entzuketen kasua dela eta. Ez da lehen aldia, hilaren 12rako ere egin baitzieten gonbita, baina ez ziren azaldu; AEBetako hiritarrak izanik, ez baitaude beharturik. Dena den, agertu ezean, Parlamentuak zigortu egin ditzake. Hori dela eta, Murdochek Parlamentuan deklaratuko duela baieztatu zuen atzo. Rebeka Brooks News of The World egunkariko zuzendari ohia ere bertan izango da.
Polizia egiten ari den ikerketa judizialaz gain, Erresuma Batuko Parlamentua ikerketa independentea egiten ari da David Cameron lehen ministroak eskaturik, entzuketen kasuak politikariei ere eragin baitzien. Nick Clegg Erresuma Batuko lehen ministrordearen arabera, «bere botere mailagatik erantzukizun apur bat badu,etorri egin beharko litzateke azalpenak ematera».
Bederatzigarren atxilotua
Entzuketen kasuan zerikusia duelakoan, Neil Wallis News of The World egunkariko zuzendaria izandakoa atxilotu zuten atzo Londresen. Wallis zuzendariordea izan zen, Andy Coulson zuzendari izan zen garaian. Bederatzi dira jada auzi hau dela-eta atxilotu dituztenak. FBIk ere kasua ikertuko duela esan du, AEBetan legez kanpoko entzuketarik izan zen argitzeko.
Murdochek azalpenak eman beharko ditu asteartean Parlamentuan
Erresuma Batuan bederatzi lagun atxilotu dituzte entzuketen kasuagatik; FBIk ere ikerketa agindu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu