EGIPTO

Mursi boteretik kendu du Egiptoko armadak

Militarrek trantsiziorako diseinatu duten bide orriaren arabera, konstituzioa bertan behera geldituko da "behin-behinean"; Batasun Nazionaleko gobernu bat eratzeko hauteskundeak aurreratuko dituzte, eta, bitarte horretan, Konstituzio Auzitegi Goreneko presidenteak hartuko du Mursiren lekua. Bideoa: Kairoko Unibertsitatean gaur goizean izandako istiluak. [Youtube]http://youtu.be/Zzx2ZlXpKmE[/Youtube]

2013ko uztailaren 3a
22:29
Entzun

"Hainbat proposamen egin ditugu krisi honi aurre egiteko, baina presidenteak ez du espero genuena bete". Abdel-Fattah El-Sisi Egiptoko armadako buruarenak dira hitzok: Mohamed Mursi presidenteak ez du behar bezala probestu armadak emandako 48 orduko epea, eta hitzemandako ordaina heldu zaio. Mursiren beraren egoeraren berririk ez dagoen arren, de facto botererik gabe utzi du armadak. Militarrak hiri nagusietan hedatzen hasi dira, eta kaleek jendez gainezka egin dute. Batzuk ospatzen, besteak protestan; denak adi, zer gerta ere. Mursik, Interneteko sare sozialen bidez, gaitzetsi egin du estatu kolpea, baina oraindik argitu gabe dago non dagoen.

Arratsaldean, orotariko indar politiko eta erlijiosoekin bildu dira militarren ordezkariak, krisiari nola aurre egin erabakitzeko eta aurreko egunetan aipatutako bide orria zehazteko. Horri aurre egin nahian, karguari eusteko azken ahalegina egin du Mursik, eta koalizioko gobernu bat egiteko proposamena berretsi du. Hala ere, karguari eusteko asmoz agertu da, «herritarrek emandako zilegitasuna» duela uste baitu. Presidentearen aburuz, legezkotasuna da «indarkeriaren kontra egin eta egonkortasuna lortzeko berme bakarra».

Berri agentziek jakinarazi dutenez, Egiptoko telebista publikoko egoitzara sartu dira eguerdian militarrak, eta hura uzteko agindu diete bertako langileei. Telebistaren zuzeneko emankizunak ere eten egin dituzte, eta armada hiriburuan hedatzen hasi da.

Bien bitartean, jendetza dago bilduta hiriko unibertsitatean astelehenaz geroztik, armadak Mohamed Mursiren gobernuari emandako 48 orduko epearen kontra protesta egiteko. El-Sisi armadako buruzagiak klase politikoari ohartarazi zion herritarren eskariak aintzat har ditzatela; gaineratu zuen militarrek bide orri bat prestatuko dutela hala egiten ez badute. Gaur arratsaldeko bostetan amaitu da epe hori.

Gaur goizean istiluak izan dira Kairoko unibertsitatean, eta, gutxienez, hamasei pertsona hil dira. Berrehun pertsona inguru ere zauritu dira, Egiptoko Osasun Ministerioaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.