Mohamed Mursi Anaia Musulmanen hautagaia izango da Egiptoko presidente berria. Hala jakinarazi du Hauteskunde Batzordeak, behin betiko datuak ematean: Mursik botoen % 51,73 eskuratu ditu (13 milioi boto) eta Ahmed Xafik, berriz, % 48,27 (12 milioi boto). Gaur hasiko da Mursi gobernu taldea osatzen.
Presidentetzarako hauteskundeetan % 51,85ekoa izan da parte hartzea; ia 51 milioi egiptoarrek dute botoa emateko eskubidea, baina 26.420.763 hautesle bakarrik joan ziren botoa ematera.
Albistea entzun eta berehala, Tahrir plazan bildutako milaka herritarrek hauteskundeen emaitza ospatu dute. Mursi Egiptoko lehen presidentea izango da 2011ko otsailean Hosni Mubarak kargutik kendu zutenetik.
Egiptoko herritar guztien presidente izango dela esan du Mursik, eta soilik botoa eman diotenena. Horrela, batasunaren aldeko mezua zabaldu nahi izan du presidente berriak. Aurreko legealdietan onartutako nazioarteko hitzarmen guztiak errespetatuko dituela adierazi du, halaber. "Bakean gatoz", Mursiren hitzetan.
Bai Mursik eta bai Xafikek hauteskundeen irabazletzat aurkeztu dute euren burua azken astean, euren taldeek zituzten datuetan oinarrituta.
Azken asteetan agindu bezala, Mursik Anaia Musulmanen kide izateari utzi dio.
Europa, pozik
Europar Batasuneko 27 herrialdeek babesa erakutsi diote Mohamed Mursi Egiptoko presidente berriari eta egiptoar guztien alde lan egitera deitu dute, alderdi guztiekin elkarlanean.
Gogora ekarri dute, halaber, Junta Militarrak boterea "lehenbailehen" uztea "ezinbestekoa" dela. Herrialdeak prest agertu dira laguntza ekonomikoa emateko ere.