Mursik «oreka estrategikoa» nahi du eskualdean, Iranekin bat eginda

Teheranekiko harremanak hobetu nahi ditu Egiptoko presidenteak; orain, etenda daude. Israelek bake akordioari eusteko eskatu dioHainbat lagunek Tahrirren jarraitzen dute, militarren agintearen aurkako protestan

2012ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
«Munduarengana bake mezu batekin gatoz», adierazi zuen Anaia Musulmanen hautagai Mohamed Mursik igandean presidentetzarako bozetan irabazi zuela jakin eta berehala. Atzo, Irango Fars berri agentziak kaleratutako elkarrizketa batean, Teheranekiko harremana hobetu nahi duela nabarmendu zuen Egiptoko presidente berriak. Era horretan «eskualdean presioa egiteko oreka estrategikoa» lortu nahi duela esan du Mursik. Programa nuklearra dela-eta Iran nazioartean bakartzen ahalegintzen ari diren Mendebaldeko herrialdeek mesfidati hartu dituzte islamistaren hitzak. Dena den, guztiek zoriondu dute Egiptoko presidente berria, EB Europako Batasuna eta AEBak barne.

Hauteskundeetako emaitzak jakinarazi aurretik egin zituen adierazpenok Mursik. Kairoren eta Teheranen arteko harreman diplomatikoak hobetu nahi ditu, 1980tik etenda baitaude. Interes komunetan oinarrituta elkarlan ekonomikoa eta politikoa indartu nahi duela jakinarazi du. Irango iraultza islamikoarekin batera eta Egiptok Israel onartzearekin batera eten ziren bi herrialdeen arteko hartu-emanak, baina Hosni Mubarak boteretik kendu zutenetik harremanak hobera egin du nabarmen. Iranek pozez hartu du Mursiren garaipena, eta haren elkarlanerako deia ere bai. «Demokraziaren ikuspegi guztiz ederra» izan da Egipton jazotakoa, Teheranen arabera, eta «iratzartze islamikoaren» azken fasearen amaieraren adierazle dela gaineratu du.

Iranen pozik ez du adierazi, ordea, Israelek. Emaitzak errespetatzen dituela adierazi du Benjamin Netanyahu lehen ministroak, baina Mursiri 1979ko bake akordioan sinatutakoa gogorarazi dio. Bi herrialdeen intereserako ituna dela eta eskualdean egonkortasuna dakarrela goraipatu du Netanyahuk. Izan ere, adituen arabera, Tel Aviv beldur da Mursiren garaipenak bi herrialdeen arteko harremana gaiztotuko ote duen eta eskualdean aliatu estrategikoa galduta bera are bakartuago geratuko ote den.

Garaipenaren berri izan ostean emandako hitzaldian, Egiptoko presidente berriak jakinarazi zuen aurreko gobernuek onartutako nazioarteko akordio guztiak errespetatuko dituela. Baina Fars agentziari emandako elkarrizketan aurkakoa adierazi du. 1979ko ituna «berraztertu» egingo dutela esan du, xehetasunik argitu ez badu ere. Netanyahuk erantzun dio Egiptorentzat bakea garrantzitsua dela. Eli Shaked Israelen Egiptoko enbaxadore ohiak Tel Aviven beldurra uxatu du, Mursiren boterea armadak mugatuko duela esanez. Israelgo Gobernuak, gainera, gogorarazi du Egiptok AEBetatik datorkion diru laguntza jasotzen jarraitu nahi badu bake ituna errespetatu beharko duela.

«Alde guztietako kideak»

Bitartean, gobernua osatzeko lanari ekin dio presidente berriak. Oraindik erabakiaren berri ez du eman; baina, Mursiren gertukoek jakinarazi dutenez, «alde guztietako kideak» izango ditu lantaldean, bai islamistak, bai islamistak ez direnak ere. Izan ere, Mubaraken aurkako protestetan aritu diren askok zalantzak dituzte Anaia Musulmanek proposatzen duten gizarte ereduarekin, eta horiek bereganatu nahi ditu Mursik. Hain justu, «guztien presidentea» izateko asmoa iragarri zuen igandean. Dena den, islama da irtenbidea leloa aukeratu du gizarte eredu berri bat proposatzeko. Jakinarazi duenez, ekonomia —atzeraldian dago—, segurtasuna eta konstituzio berria izango dira bere agintaldiko lehentasunak.

Kamal Ganzuri buru duen Ministroen Kontseiluak dimisioa eman du Junta Militarraren aurrean, eta Mursiri eman dio lekukoa. Dena den, Anaia Musulmanen hautagaiak gobernu berria eratu arte lanean jarraituko du.

Abul Fotuh presidentetzarako bozetan lehiatu den hautagai islamistarentzat, ordea, bozek ez dute zentzu handirik. «Presidentea presidentearen jauregian sartu da bere egitekoa zein izango den jakin gabe». Mursiren eginkizuna sinbolikoa izango dela salatu du: «Mamu bat da, egiazko presidente baten aginpiderik ez duena». Dena den, Ahmed Xafik Mubaraken lehen ministro ohia gainditu izana txalotu du.

Bestetik, «helburu guztiak bete arte» iraultzak jarraitu egingo duela adierazi zuen igandean bozetako irabazleak. Milaka jarraitzailek haren hitzak txalotu zituzten, eta militarren agintearen aurka oihuka aritu ziren Kairoko Tahrir plaza enblematikoan. Atzora arte egin zituzten Anaia Musulmanen aldekoak ospakizunak, eta hainbatek bertan jarraitzen dute kanpatuta. Legebiltzarra berriz osatu arte protesten ikur bilakatu den plazatik ez dutela alde egingo diote. Anaia Musulmanek ere adierazi dute Junta Militarrak azken egunotan onartu dituen neurrien aurka protesta egiten jarraituko dutela. Izan ere, militarrek ekainaren 30ean Mursiri boterea eskualdatzeko konpromisoa onartu dute, baina presidentearen boterea mugatu eta armadarena indartzeko konstituzioan hainbat zuzenketa egin eta gero.

Besteak beste, legebiltzar berria aukeratu bitartean botere legegilea militarren esku geratuko da. Indar armatuen inguruko erabaki guztiak Junta Militarraren esku geratuko dira, eta erakunde horretako burua armadako burua eta Defentsako burua izango da konstituzioko aldaketa horien ondorioz. Aurrekontuen kontrola ere militarrek izango dute. Hori horrela, iraultzaren helburuak «denen artean» betetzeko protesta egiten jarraitzeko deia egin du Mursik.

Harremanak AEBekin

Barack Obama AEBetako presidenteak zoriondu egin du Mursi, eta Egiptoko trantsizio demokratikoa babesten jarraituko duela jakinarazi dio. Iraultzaren promesak betetzeko herritarren ondoan jarraitu nahi duela dio Obamak, eta Mursirekin lan egiteko prest dagoela. Presidente islamistak AEBekiko harremanak hobetu nahi dituela erantzun dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.