Egipto

Mursik uko egin dio epaiketan akusatuaren uniformea janzteari

Egipton demokratikoki aukeratutako presidente bakarraren kontrako epaiketa hasi eta ordubetera eten, eta urtarrilaren 8a arte atzeratu du epaimahaiak. 

Berria.info
2013ko azaroaren 4a
13:48
Entzun

Kairoko Zigor Auzitegiari bera epaitzeko zilegitasunik ez ziola aitortzen esana zuen Mohamed Mursik, duela 125 egun militarrek kargutik kendutako presidenteak. Epaiketaren lehen saioak ordubete besterik ez du iraun, Mursik uko egin baitio akusatuaren uniforme zuria janzteari, eta Ahmed Sabri buru duen epaimahaiak saioa eten egin du. Epaiketa, gainera, bi hilabete atzeratzea erabaki du, eta urtarrilaren 8an jarraituko du.

Anaia Musulmanek gobernura eraman zuten presidentearen zoriaz erabakitzen hasi dira gaur militarrak Kairon, eta haren jarraitzaileek protestara deitu dute. Militarrek uztailaren 3an estatu kolpea eman zutenez gero  Anaia Musulmanak legez kanporatu dituzte, jarraitzaile asko eta asko hil dituzte, eta beste asko espetxean daude. Anaia Musulmanen kontrako protestatan hil zituztenengatik epaituko dute, berriz, Mursi.

Hain justu, John Kerry AEBetako Estatu idazkariaren bisita izan dute Kairon. Washingtonek ez du artean estatu kolpea egon denik aitortu, eta momentuz militarrei urtero ematen dieten laguntza "izoztuta" dutela esan zuten. Baina Al-Sisi jeneralak ezarritako gobernua "zantzu onak" ematen ari dela esan du Kerryk. Saudi Arabiarako bidaian tartetxo bat egin eta erabaki du Kairora joatea, egun boterean daudenekin hitz egitera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.