EGIPTO

Mursiren 406 jarraitzaile atxilotu dituzte, asteleheneko istiluetan parte hartzeagatik

Herenegun beste 400 pertsona atzeman zituzten, asteleheneko liskarren harira. Zazpi pertsona hil eta 261 zauritu ziren.

2013ko uztailaren 18a
19:02
Entzun

Kairoko Ramses eta Giza plazetan gertatu ziren istiluak. Mohamed Mursi presidente ohiaren eta Anaia Musulmanen aldekoek protesta egin zuten, eta Poliziak negar gasak eta perdigoi tiroak jaurtita egin zuen manifestarien aurka. Zazpi lagun hil ziren, eta 261 zauritu.

Atzo, 406 pertsona atxilotu zituen Poliziak, asteleheneko liskarretan parte hartu zutelakoan. Polizia-etxe bat hartzea eta polizien kontra tiro egitea leporatzen diete, Al Masry al Youm egunkariaren arabera. Lau eta hamabost egun artean izango dituzte atxilo.

Herenegun, berriz, 400 manifestari atzeman zituzten, asteleheneko gertakariekin lotura izan dezaketelakoan. Horietako 170 manifestariri lau eguneko espetxe zigorra ezarri die Fiskaltza Nagusiak, eta 70ek, berriz, hamabost egun egin beharko dituzte kartzelan. Guztira, beraz, 800 pertsona baino gehiago atxilotu dituzte asteon.

Garaipenaren Ostirala

Mursiren aldeko zein kontrakoek manifestazioak egingo dituzte bihar Egiptoko plaza guztietan. Legitimitatearen Defentsarako Koalizio Nazionalak —hainbat talde islamistak parte hartzen dute bertan, tartean, Anaia Musulmanak— egiptoarrak kalera atera eta estatu kolpe "odoltsu eta bidegabea" arbuiatzera deitu ditu. Manifestazio horretan, besteak beste, "kolpistek lapurtutako" 2011ko urtarrilaren 25eko iraultza berreskuratzeko eskatu eta atzerritarrek Egiptoren barne arazoetan esku hartzea gaitzetsiko dute.

Tamarrud estatu kolpearen aldeko mugimenduak ere manifestaziorako deialdia egitea espero da: Tahrir plazaz gain, Heliopolis auzoak hartu nahi dituzte.

1973ko gerran armadak Israelen aurka lortutako garaipenaren urteurrena da bihar, eta hortik datorkio Garaipenaren Ostirala izena.

Konstituzioa erreforma, hastear

Mustafa Higazi politika kontuetarako lehendakaritza aholkulariak esan zuen "posible"  dela datorren astean Anaia Musulmanekin zein beste indar politikoekin elkartzea, "adiskidetze nazionala" lortzeko. Higaziren arabera, trantsizio prozesurako ezarritako plana martxan jartzen zentratuta dago lehendakaritza. Lehenengo pausoa konstituzioa erreformatzea izango da, "aditu talde baten laguntzaz".

Ali al-Auad Konstituzio gaietarako lehendakaritza-aholkulariak adierazi duenez, Egiptoko lehendakaritzak ez du esku hartuko konstituzioa erreformatzeko lanetan. Al-Auaden arabera, datozen orduetan Adli Mansur Egiptoko behin-behineko presidenteak dekretu bat argitaratuko du, aditu talde hori konstituzioa eraberritzen has dadin. Behin dekretua onartuta, 30 eguneko epea izango du aditu taldeak konstituzioa erreformatzeko: 2012ko abenduan onartutako Egiptoko konstituzioaz gain, atzerriko konstituzioak ere aztertuko ditu. Behin hori eginda, konstituzioa erreformatzen hasiko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.