Kairoko Shubra auzotik Rabaa al-Adawiya plazarako bidea osatzen ari zen manifestazioa bart goizaldean. Al Ahram kazetaren arabera, armak zeramatzan talde batek eraso egin die protestan ari zirenei, eta bi lagun hil eta dozenaka zauritu dituzte.
Gehad el-Haddad taldeko bozeramaileak Twitter bidez salatu duenez, "zibil jantzitako poliziek" eraso diete. Hildakoetako bat 19 urteko gazte bat da, Mahmud Mostafa Faud, Askatasunaren eta Justiziaren Alderdiak zabaldu duenez.
Ehun pertsona baino gehiago hil dituzte Mohamed Mursi Egiptoko presidente ohia kargutik kendu zutenetik. Ez da haren berririk uztailaren 3an armadak konstituzioa bertan behera utzi eta Auzitegi Konstituzionaleko presidentea Egiptoko presidente izendatu zuenetik.
Adli Mansur presidenteak dei egin zuen atzo trantsizio prozesu bat hastera, eta adiskidetzeko bidean bilkurak antolatuko dituela iragarri zuen. Anaia Musulmanek, ordea, iragarri dute boikota egingo diela horiei; Ahmed Aref alderdiko bozeramaileak adierazi du Anaia Musulmanek ez dutela indarrean dagoen gobernua aitortzen, eta horregatik ez direla bileretara joango.
Anaia Musulmanetako buruzagi atxilotuak defendatzeko batzordeko kide Mojtar al-Ashrik, berriz, oroitarazi du alderdiko 600 kide baino gehiago atzeman dituztela ekainaren 30az geroztik. "Atxiloketa horiek guztiak legez kanpokoak dira, inongo atxilotze agindurik gabe egin baitira", erantsi du.
Bestalde, pertsona bat hil eta 28 zauritu dira Kairoko polizia etxe baten aurrean izandako leherketa baten eraginez. Egiptoko Barne Ministerioak esan duenez, eraso "terrorista" izan da, eta bart gauean gertatu da.