Hainbat protesta egingo dituzte gaur Egipton, Kairon ez ezik, hainbat probintziatan ere: Mohamed Mursi kargutik kendu izana salatzea da helburua. Mobilizazio egunari Geldiarazteko plana deitu diote, eta Kairoren inguruko hainbat lekutan zirkulazioa oztopatu nahi dute. Rabea al-Adauiyako, Al-Nahda eta Gizako plazetan izango dira mobilizazioak, baita Ramses barrutian eta Urriaren 6 zubian ere (hiriko zubi garrantzitsuenetako bat).
Armadak, berriz, panfletoak jaurti ditu helikopteroetatik Rabea al-Adauiya inguruan, Mursiren jarraitzaileei bortxarik ez erabiltzea eta errepideak ez ixtea eskatzeko. Rabea al-Adauiyan, hain zuzen, Mursiren aldekoen kanpamentua dago. "Herritarrak babestu nahi ditu armadak, eta ez du inoiz onartuko haiek beldurtu edo mehatxatzea", dio oharrak. Horrez gain, manifestariak armadaren baseengana "hurbiltzen badira", "indarra" topatuko dutela ohartarazi ditu. Oharra helarazi nahi izan die Mursiren alde mobilizatuko direnei, iragan astean protestatan 51 pertsona istilu batean hil ostean. Armadak manifestariei bota zien errua orduan, haiek erasotzera joan zirela argudiatuta.
Horrez gain, AEBetako idazkariorde William Burns Egiptora iritsiko da gaur, hango arduradunekin elkarrizketatzeko. Al-Nur alderdi salafistak, adibidez, uko egin dio Burnsekin biltzeari, "AEBek Egiptoren kontuetan eskua sartzeagatik".
Anaia Musulmanen zenbait liderren ondasunak izozteko agindua eman du Egiptoko Fiskaltzak. Hamalau buruzagiren ondasunak izoztuko dituzte; tartean, Mohamed Badie eta Kahirat al-Xaterrenak. Mursiren kargugabetzearen ondoren gertatutako istiluetan zein zerikusi duten argitzeko ikertuko dituzte. Hainbat istilu ikertzen ari dira Egiptoko agintariak; besteak beste, iragan astelehenean 51 hildako utzi zituena.
Bien bitartean, trantsiziorako gobernua osatzen ari dira Egipton, Adli Mansur Egiptoko behin-behineko presidente jarri zuten armadak uztailaren 3an Mohamed Mursiren gobenuaren aurkako estatu kolpea egin zutenean. Mansurrek, aldi berean, Hazem al-Beblaui izendatu zuen behin-behineko lehen ministro. Al-Beblauik trantsiziorako gobernua osatzeko hautagaiekin elkarrizketak egiten jarraituko du, eta bihar edo etzi ministro talde berria aurkeztea aurreikusten da.
153 pertsona, bermea ordainduta aske
Uztailaren 3ko estatu kolpeaz geroztik, 652 pertsona atxilotu ditu guztira Egiptoko armadak. Horietatik 446 aske utzi zituen iragan astean, eta gainontzekoak hamabost egunez atxilo edukiko zituztela adierazi zuen armadak. Falta zirenetatik, 153 pertsona gehiago utzi ditu aske, bermea jarrita.
Horrez gain, istiluak etengabekoak dira Egipton, batez ere, Sinai penintsulan. Azken orduetan, lau hildako eta hamazazpi zauritu izan dira bi erasotan. Larriena Al-Arix aireportuko errepidean gertatu zen: hiru larritu eta hamasei zauritu izan ziren, armatuta zeuden gizon batzuek autobus baten kontra egindako erasoaren ostean. Zementu fabrika bateko langileak etxera bidean zihoazen autobus horretan. Mursi kargutik kendu zutenetik, guztira 30 pertsona hil dira milizia eta armadaren arteko istiluen ondorioz.
Al-Qasima polizia etxearen aurka egindako erasoa izan zen bestea: 17 urteko gazte bat hil zen, buruan eta urdailean emandako tiroen ondorioz, eta 12 urteko haur bat zauritu zen erasoan.