«Nazioaren onura bermatzeko» birmoldatu du Mohamed Mursi Egiptoko presidenteak herrialdeko kupula militarra. Mohamed Hussein Tantawi Defentsa ministroa, zeinak Mubarak kanporatu ostean buruzagitza hartu zuen, eta Sami Annan Indar Armatuen Kontseilu Goreneko burua erretiroa hartzera behartu ditu. Halaber, Indar Armatuen Kontseilu Gorenak ekainean aurkeztutako lege dekretua baliogabetu du. Dekretu horren helburua parlamentuaren osaketa oztopatzea eta etorkizuneko presidentearen boterea mugatzea zen. Mursik azaldu du neurriak ez direla «norbanakoen aurkakoak edo inor lotsarazteko hartuak». Ehunka herritarrek presidenteari babesa adierazi diote goizaldeko ordu txikietan Tahrir plazan egindako elkarretaratzearekin, eta ospatu egin dute militarrei botere politikorako eskumena kendu izana.
Karguan hamarkada pasatxo zeraman Tantawi mariskala Abdelfatah al-Sisik ordezkatuko du. Annanen lekua, berriz, Sedqi Sobhik beteko du. Bi goi kargudunak erretiratzera behartzeaz gain, armadako buruzagitzako hiru kide gobernuko eta administrazioko postuetara aldatu dituzte. Armadak normaltzat jo ditu aldaketak, eta adierazi du belaunaldi berri bati «herrialdea zaintzeko ardura» ematea dela.
Junta Militarrak joan den ekainaren 17an egindako zuzenketarekin mugatu zuen hurrengo presidentearen boterea. Presidentetzarako bozen barruaan botoa emateko azken egunean, hain justu. Bertan behera geratutako eskumen horiek berrezarri ditu orain Mursik, eta presidentearen boterea areagotu du. Militarrek parlamentua ebazpen judizial bidez desegin eta bertako boterea hartu zuten. Horregatik, orain presidentearen esku daude gobernuko eta parlamentuko boterea. Horretaz gain, bere esku egin du konstituzio berria idazteaz arduratuko den Batzorde Konstituziogile berria izendatzeko ardura ere. Mursiren gertuko alderdiek onetsi egin dute erabakia, baina izan da «botere kontzentrazioagatik» kezkatuta agertu denik ere.
Anaia Musulmanen Askatasuna eta Justizia alderdiko presidente Esam al-Arianek adierazi du Mursik hartutako neurriak «ausartak» direla eta «iraultzaren helburuak lortzen» lagunduko dutela. Alderdi Sozialdemokratako bozeramaile Hala Mustafak, ordea, azaldu du «atzetik zer etorriko den» ikusi arte zain geratuko direla Mursiren erabakia baloratu aurretik. Neurriak mesede herritarrei ez baizik eta «Anaia Musulmanei soilik» egingo dienbeldur agertu da Mustafa.
Rafah itxita, tuneletan atxilo
Talde armatu batek Sinain hamasei polizia hil ondoren, Egiptok bertan abiarazitako ofentsiba militarraren erdian etorri da Mursiren erabakia. Hain justu, Egipto eta Gaza arteko Rafaheko igarobidea irekiko duela agindu du gobernuak. Erasoaren ostean itxi zuen pasabidea Kairok. Joan den ostiralean ireki zuten, Egipton zeuden palestinarrak Gazara itzultzeko, eta larunbatean itxi zuten berriz. Gazako Barne ministro Fathi Hammadek irekitzeko «berehalako erabakia» hartzeko eskatu zion atzo Kairori, lurralde palestinar okupatuetatik irten eta sartzeko Israelek kontrolatu gabeko bide bakarra baita.
Egiptoko segurtasun indarrek hiru palestinar atxilotu dituzte Sinai eta Gaza lotzen dituzten tuneletan. Sinaiko erasoaren erantzuleak horien bidez sartu zirelakoan, tunelak suntsitzeari ekin zion Egiptok lehengo astean, eta 150 eraitsi dituzte bertako Al-Ahram egunkariaren arabera. Horretaz gain, Sinai iparraldean sawarka tribu beduinoko buruzagia eta haren semea hil dituzte, haien autoari tiroz erasota. Oraingoz inork ez du erasoa bere gain hartu.
Mursiren kolpea militarrei
Egiptoko presidenteak Mohamed Hussein Tantawi erretirarazi du, Mubarak kanporatu ostean aginte handiena izan duenaAldaketari esker, Mursiren esku geratu dira gobernuko eta legebiltzarreko boterea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu