Mursiri aurre egin diote epaileek, parlamentua berriz irekitzeagatik

Epaileek adierazi dute herrialdeko erakunde guztiek bete behar dituztela Egiptoko Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenakAnaia Musulmanek Tahrir plazan protestak antolatu dituzte, Mursiri babesa erakusteko

2012ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Egiptoko Auzitegi Konstituzionalak hortzak erakutsi dizkio Mohamed Mursi presidenteari, eta garbi utzi dio nork ezartzen dituen jokoaren arauak. Legebiltzarraren «konstituzionaltasunik eza» berretsi du, eta gogorarazi du bere erabakiak herrialdeko erakunde guztiek bete behar dituztela, «presidentetza barne». Herenegun Mursik hordagoa bota zion Junta Militarrari, konstituzionalaren aginduz desegindako parlamentua berriz irekitzeko agindua emanda, baina epaileek argi utzi dute aurkari gogorra izango direla presidentetzara iritsi diren islamistentzat. Auzitegi Konstituzionaleko epaile Tarek Xeblk salatu du Mursi «ebazpenaren gainetik» pasatzen ahalegindu dela. Faruq Sultan larunbatera arte konstituzionaleko presidentea izan dena «harrituta» agertu da presidentearen erabakiarekin, eta Mursiren dekretuak legea eta Auzitegi Konstituzionala bera urratzen dituela adierazi du.

Auzitegi Konstituzionalaren hitzetan, legebiltzarra desegiteko erabakiak ez dauka zerikusirik indar politikoen artean sor daitezkeen liskarrekin, eta bakoitzaren ikuspuntuetan interesik ez duela adierazi du. Gainera, Auzitegi Konstituzionala politikoki ez erabiltzeko eskatu dute epaileek. Herrialdeko konstituzioa zaintzeko «misio sakratua» dutela gaineratu dute, eta berau urratu ez dezaten lanean jarraituko dutela. Konstituzionalak ezohiko bilera egin du Mursiren erabakia eztabaidatzeko. Izan ere, presidentearen erabakiaren aurka hainbat salaketa jaso dituela argitu du. Bileraren ondoren, epaileek adierazi dute Auzitegi Konstituzionalak hartutako erabaki guztiak «behin betikoak eta apelaezinak» direla.

Parlamenturako bozetan hainbat diputaturen hautaketan legea urratu zela argudiatuta, legebiltzarra desegiteko agindua eman zuen Auzitegi Konstituzionalak ekainaren 14an, presidentetzarako bozen bigarren itzuliaren atarian. Horren ondorioz, militarren esku geratu zen, berriz ere, botere legegilea, eta herrialdean protestak hasi ziren. Herritarrak aukeratzekoak ziren presidenteari boterea mugatu eta militarrena handitzeko Junta Militarraren estrategia izan zela salatu zuten Anaia Musulmanek. Mursik, baina, gehiengo islamista zuen parlamentua berriz irekitzeko dekretu bat onartu zuen igandean, militarrei botere legegilea kendu eta islamistei itzultzeko ahaleginean. Saad Katatny legebiltzarreko presidenteak Mursiren erabakia babestu du, eta gaurko Herri Asanblearen lehen saioa egiteko deitu ditu legebiltzarkideak. Gaur parlamentua berriz ere martxan jartzen badute, bi erakunderen esku geratuko da botere legegilea Egipton, eta adituek ohartarazi dute berriz ere gatazkak hasiko direla beharbada. Biek zilegitasuna dutela aldarrikatzen dute.

Militarrak, isilik

Epaileen antzera, Junta Militarreko kideek ere ezohiko bilera egin dute parlamentua berriz irekitzeko dekretua dela eta. Jendaurrean, ordea, militarrek ez dute txintik ere esan. Masry al-Youm egunkariak aipatutako iturri militar anonimo baten arabera, ordea, militarrak harrituta daude, eta Mursiren jokaldiak jokoz kanpo harrapatu ditu.

Anaia Musulmanek, berriz, jakinarazi dute iraultzaren sinbolo bilakatu den plazara itzuliko direla, Kairoko Tahrir plazara, legebiltzarra berriz irekitzeko erabakiaren alde egiteko. Hiriko meskitetatik plazarakomartxak antolatu dituzte islamistek gaur presidenteari babesa agertzeko. Hosni Mubarak presidente ohia kanporatu eta hamazazpi hilabetera herrialdeko eragileak ez dira ados jartzeko gai, eta beste behin lurrikara politikoa lehertzear dagoela diote adituek.

Mubaraken semeak, auzitan

Bestalde, atzo epailearen aurrean deklaratu behar izan zuten Mubaraken seme Alaak eta Gamalek. Delitu ekonomikoak egozten dizkiete haiei eta diktadorearen erregimeneko zazpi kideri. Burtsan iruzur eginda 275 milioi dolar ingururen etekinak lortu zituztela zutela dio salaketak. Bi semeek, ordea, egotzitako karguak errefusatu dituzte. «Honek ez dauka inolako oinarririk. Nire aurkako salaketak erabat errefusatzen ditut», adierazi zuen Gamal Mubarakek. «Zoritxarrez, hau gezurra eta difamazioa besterik ez da», gaineratu zuen anaiak.

Mubaraken semeen abokatuak aske uzteko eskatu du, baina epaileak uko egin dio eskaera betetzeari. Ekainaren 2an absolbitu egin zituzten beste ustelkeria kasu batzuengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.