Mohamed Mursi Egiptoko presidenteak NAM Lerrokatu Gabeko Herrialdeen Mugimenduaren goi bileran Siriako presidentearen agintea «zapaltzailea» dela adierazi izanak sutu egin du Damaskoko gobernua. Walid al-Moallem Siriako Atzerri ministroak bere hitzekin «hilketa gehiago sustatzea» leporatu dio Mursiri, eta Siriako barne arazoetan muturra ez sartzeko eskatu dio.
Wael al-Halqui lehen ministroak, bestalde, Al-Qaedari eta talde salafistei egotzi dizkie zibilen hilketak eragin dituzten erasoak. Al-Halquik salatu du nazioartea talde horiei laguntza ematen ari dela, eta helburu bakarra Siriako ezberdintasunak areagotzea dela, herrialdea kaosera eramateko. Baxar al-Assaden gobernuak irtenbide baketsu bat lortzeko konpromisoari eusten diola adierazi du lehen ministroak, baina irtenbide hori siriarrek onartu behar dutela gaineratu du. «Berriro ere elkarrizketak martxan jartzen eta erasoak gelditzen saiatzen ari gara», adierazi du.
Damaskon, egoera larria
Bitartean, gatazka gogortu egin da herrialdean. Herenegun ehundik gora hil zirela salatu zuen oposizioak, eta atzo ere hainbat erasoren berri eman zuen. Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak, berriz, Damaskon gerra zibila dutela kontatu du, eta indarkeriak ez duela etenik. Damaskon eta herrialdeko beste zenbait hiritan «atzera bueltarik gabeko hondamendi egoerara hurbiltzen ari dira».
Libanon ere nozitzen dute indarkeria. Atzo, hainbat obus jaurti zituzten Siriatik, eta herrialdeko soldadu bat zauritu zuten. UNICEF Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsaren arabera, 1.200.000 desplazatu eragin ditu gatazkak herrialdean bertan, eta horietatik erdiak haurrak direla jakinarazi du. Etxea atzean utzita alde egin behar izateak «ondorio suntsitzaileak» ditu haur eta gazteentzat, UNICEFeko bozeramailearen hitzetan, besteak beste eskolara ezingo direlako joan.
Mursiri hilketak sustatzea leporatu dio Damaskok
Egiptoko presidenteak Baxar Al-Assaden agintea «zapaltzailea» dela adierazi zuen herenegun Teheranen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu