Orain arteko presidente Yoweri Musevenik irabazi zituen ostegunean egindako presidentetzarako hauteskundeak. Botoen %98,98 zenbatuta, %59,28 lortu zituela jakinarazi zuen Hauteskunde Batzordeak. Oposizioak, ordea, gardentasunik eza salatu zuen. Aldaketa Demokrati- korako Frontea alderdiko hautagaia, Kizza Besigye, bigarren geratu zen, botoen %37,36rekin. Haren esanetan, ez zegoen hauteskunde askeak eta justuak egiteko modurik. Besigye joan zen azaroan itzuli zen Ugandara lau urtez atzerrian bizi ostean. Herrialdera iritsi eta berehala, baina, atxilotu egin zuten traizioa, gerrillariei laguntzea eta bortxaketak leporatuta. Ondorioz, Aldaketa Demokratikorako Fronteak kanpaina hainbat astez atzeratu behar izan zuen.
Europako Batasunak, bestalde, ontzat jo zituen bozak: «Orokorrean, gardenak eta baketsuak izan dira». Era berean, ordea, Musevenik abantailak izan dituela nabarmendu du. Egungo presidenteak diru publikoa erabili du kanpaina egiteko eta bere alde izan ditu komunikabide nagusiak ere. Horretaz gain, oposizioaren arabera, bere mesedetan erabili ditu Armada eta Polizia. Besigye atxilotu eta auzipetu izana ere salatu du Bruselak.
EBren esku-hartzea
Europako Batasunaren esku-hartzea onartezintzat jo du Ugandako Gobernuak. Presidenteak gehienez bi agintaldi betetzea eskatu zuen atzo Bruselak. Lehen, presidenteak bi agintaldi betez gero, ezin zuen berriz hauteskundeetara aurkeztu, baina Musevenik Konstituzioa aldatu egin zuen. Egun, presidentea nahi adina aldiz aurkez daiteke bozetara.
Barne ministro Ruhakana Rugundaren esanetan, Europako Batasuna ez zegokion gauzetan sartu da Ugandako Konstituzioa kritikatu duenean. «Halako mugarik ez dago EBko herrialde gehienetan».Bestalde, azken emaitzak jakin eta berehala, Museveniren jarraitzaileek hiriburuko kaleak hartu zituzten, garaipena ospatzeko. Kanpainako leloak nonahi entzun zitezkeen: «Ez da joango, ez da joango».
Museveniren garaipena ez dela gardena izan salatu du oposizioak
Egungo presidenteak irabazi ditu hauteskundeak, botoen %59rekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu