"Epaitua izan behar du", esan du Mohamad Azhar fiskalak, epaiketaren aurreko saioan. Hogei minutu inguru iraun du, eta Musharrafek karguak ukatu ditu, Afshan Adil haren abokatuak jakinarazi duenez. Segurtasun neurri handien artean izan da epaiketaren aurreko saioa.
Maiatzean Bhuttoren hilketa ikertzen ari zen fiskala hil zuten, Chaudhri Zulfiqar.
Musharraf beste bi auzitan ere badago auzipetuta: Akbar Jan Bugti lider balutxearen hilketagatik —2006an hil zuten— eta 2007ko azaroaren 3an Pakistanen larrialdi egoera ezarri eta 60 epaile atxilotzeko agintzeagatik.
Pervez Musharraf: soslaia
Hemezortzi urte zituela sartu zen armadan Pervez Musharraf; 1998an Nawaz Sharif Pakistango lehen ministroa izandakoak armadako buru izendatu zuen. Urte batera, baina, Sharifen gobernuaren aurkako estatu kolpea gidatu zuen. Ordutik herrialdean agindu du; 2007ko azaroa arte armadako buruzagitzari uko egin gabe. Halaber, 2001eko irailaren 11ko atentatuez geroztik, estatu kolpearen aldeko agintaria terrorismoaren aurkako borrokan AEB Ameriketako Estatu Batuen aliatu izan da Musharraf.
2008ra arte Pakistango presidente izandakoa 1943ko abuztuaren 11n jaio zen, New Delhin (India). Familia musulman batean hazi zen; hala ere, Turkiako errepublika laikoa sortu zuen Mustafa Kemal Ataturk du inspirazio iturri. Lau urte baino ez zituela Indiatik Pakistanera joan zen, eta handik Turkiara. Zazpi urte egin zituen Turkian. Pakistanera itzuli eta armadan izena eman zuen. 2001ean presidente kargurako izendatu zuen bere burua, eta 2007an presidentetzarako bozak irabazi zituen.