Pakistan

Musharrafek hauteskundeetako egutegiari eutsi egingo dio, Bhutto hil duten arren

Urtarrilaren 8an egingo dituzte Pakistango Legebiltzarrerako hauteskundeak. Bhutto zen oposizioko burua, eta gaur hilobiratuko dute, familiaren mausoleoan.

2007ko abenduaren 28a
17:26
Entzun
Urtarrilaren 8rako deitu zituen Pervez Musharraf Pakistango presidenteak Legebiltzarrerako hauteskundeak, Benazir Bhutto Pakistango oposizioko buruak (PPP; Pakistango Herriaren Alderdia) aurkezteko asmoa zeukan eta kanpaina egiten ari zen, atzo hil egin zuten Bhutto bera, oposizioko beste indar nagusiko buru Nawaz Sharifek hauteskundeei boikota egingo diela jakinarazi zuen atentatuaren ondoren, baina Musharrafek gaur erabaki du eutsi egingo diola egutegiari eta urtarrilaren 8an izango direla hauteskundeak. Premiazko bileraren ondoren eman dute erabakiaren berri, Nisar Memon Informazio ministroaren bitartez.

Bhutto bi aldiz izan zen Pakistango lehen ministro karguan (1988-1990 eta 1993-1996) eta gaur egun gobernuaren aurkari nagusia zen. Eraso suizida batean hil zuten atzo, Rawalpindi hirian. Hauteskunde kanpainako mitin bat eman ondoren autora hurbiltzen ari zela hil zuten. Erasoan gutxienez beste 15 lagunek bizia galdu zuten, eta 54 zauritu ziren. Berri agentzia baten arabera, Al Kaedak bere gain hartu du atentatua.

Gaur hilobiratuko dute Bhutto, familiaren mausoleoan, bere herrian: Garhi Khuda Baksh-en (Sindh probintzia, Pakistan hegoaldea).

Erresuma Batuan eta Arabiar Emirerri Batuan zortzi urtez erbestean egon ondoren, iragan urriaren 18an itzuli zen Pakistanera. Jaioterrira itzuli zen egunean bertan hiltzen saiatu ziren. Karachi hirian lehen ministro ohiari harrera egitera joandako milaka jarraitzaileren artean bi ekintzaile suizidak euren buruak zartarazi zituzten. Bhutto onik atera zen, baina leherketen ondorioz 130 lagun hil ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.