Pakistango presidente Pervez Musharraf jeneralak salbuespen egoera eta "behin-behineko ordena konstituzional berria" jarri ditu indarrean. Telebista kate guztien emankizunak eten egin dituzte bat-batean, eta handik minutu gutxira iragarri du telebista publikoak salbuespen egoera eta ordena konstituzional berria indarrean direla.
Pakistango Auzitegi Gorena Musharraf berriro presidentetzara eraman duen hauteskunde prozesuari buruzko epaia ematear dela iritsi da salbuespen egoera. Armadaburu izanik presidentetzara aurkeztea zilegi zuen erabaki behar du Auzitegi Gorenak. Bere kontrakoa izan daitekeen epaiari Musharrafek eman dion erantzuna dela uste dute analistek. Auzitegi Goreneko epaile guztiak atxikita dauzka epaitegiaren egoitzan, eta Iftikhar Chaudhry presidentea kargutik kendu eta Abul Hameed Dogar izendatu du haren ordezko.
Benazir Bhutto Pakistango lehen ministro ohi eta erbestetik itzuli berriak salbuespen egoerarik ez duela onartuko esan du egunotan, neurri horren inguruko zurrumuruak indartzen ari ziren bitartean. Bhutto Dubain dago, familia ikustera joanda, eta kanpoan dela ezarri du Musharrafek salbuespen egoera. Gaur gauean bertan Pakistanera itzultzeko hegazkina hartuko duela iragarri du Asif Ali Zardari Bhuttoren senarrak.
Hainbat urtez erbestean egon ondoren, duela zenbait aste itzuli zen Pakistanera Bhutto, Musharraf jeneralarekin akordiotara iritsita. Hitzarmen horien arabera, Pakistanen erregimen demokratikoa ezarriko zuten, eta lehen ministrotarako hautagai izango zen berriro Bhutto Musharraf presindentearen babesarekin. Musharrafen azken mugimenduaren ondoren, lehenego hitzarmenei eutsi edo oposizio jarrera hartu erabaki beharko du lehen ministro izanak.
Mundua
Musharrafek salbuespen egoera ezarri du Pakistanen
Era berean, "behin-behineko ordena konstituzional berria" jarri du indarrean. Auzitegi Goreneko presidentea atxikita dauka eta berri bat izendatu du haren ordezko. Benazir Bhutto lehen ministro ohia Dubain dela egin ditu mugimendu horiek Musharrafek, baina gaur gauean Pakistanera itzuliko dela ziurtatu du Bhuttoren senarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu