Bavariako musika jaialdi baten sarreran lehergailu batek eztanda egin du bart; pertsona bat hil da, eta hamar zauritu. Hildakoa erasotzailea bera dela zabaldu dute Alemaniako iturri ofizialek, eta azpimarratu dute 27 urteko siriar bat dela. Bi urte zeramatzan Alemanian, eta asilo eskubidea ukatu zioten.
Ansbach hirian gertatu da —40.000 biztanle inguru ditu—, Bavarian. 2.500 lagun zeuden musika jaialdian, eta eztandaren ostean bertan behera gelditu zen. Erasoa izan zen tokira hainbat anbulantzia eta 200 bat polizia joan ziren.
Joachim Herrmann Bavariako Barne ministroak jakinarazi du erasoa "atentatu terrorista" izan den edo ez ikertzen ari direla. Herrmannek azpimarratu du ustezko erasotzailea bere buruaz beste egiten saiatu zitekeela. Aurretik ere birritan egin zuen horretarako ahalegina, eta ospitale psikiatriko batean ere egon zen, betiere, Barne ministroaren esanetan.
Arratsaldeak aurrera egin duenean, Amaq agentziak zabaldu du erasoa egin dutena Estatu Islamikoaren aginduetara ari zela.
Errefuxiatuen asilo eskubideak dituen "gehiegikeriak" aztertu behar direla esan du Herrmannek, eta irmo gaineratu du, Alemaniara joaten direnek bertako arauak eta legeak errespetatu behar dituztela.
Alemanian denbora gutxian izan den hirugarren erasoa da hau. Hilaren 19an tren bateko bidaiariei aizkora batekin eraso egin eta bost lagun zauritu zituen 17 urteko pertsona batek, eta, ostiralean, Municheko merkataritza gune batean tiroka hasi, eta bederatzi lagun hil zituen gizonezko batek.