Anaia Musulmanek botere legegilea eta presidentetza izango zutela ez zegoen ia dudarik, Ahmed Xafik presidentetzarako hauteskundeetan indarrez sartu zen arte. Orain, ordea, kofradia legebiltzarrik gabe geratu da Junta Militarrak deuseztea erabaki zuenetik, eta presidentetza ere kolokan dute, azken albisteen arabera. Baina irabazle aterako balira ere, Egiptoko presidente izango denaren ahalmenak armadaren menpean jartzeko mugimenduak egin ditu Junta Militarrak, eta horrek adi jarri ditu musulmanak. Kalean izango dira «iraultzaren eskaerak betetzen direla ikusi arte». Mohamed Mursi Anaia Musulmanen ordezkariak egin ditu hitz horiek, eta azken bi egunetan Junta Militarrari aurre egiteko bideorri bat landu dutela ere iragarri du.
Proiektu horretan musulmanak ez ezik Hosni Mubaraken kontra matxinatu ziren mugimendu laikoak ere badaude, besteak beste, Apirilaren 6koa. «Iraultza salbatzeko proiektu handi bat» egin dute elkarrekin, presidentetzarako hauteskundeen emaitzak jakin bezain laster bideratuko dutena.
Garaipenaren zain
Garaipena Anaia Musulmanena ez bada «iruzurragatik» izango da, Mohamed Mursi presidentegaiaren ustez. «Irabazle» dira kontrakoa erakusten duten arte, «epaileek sinatutako akta guztiak banan-banan behatu eta galdu dugula ikusi arte. Ez diegu emaitzak manipulatzen utziko».
Gauza asko gertatzen ari dira Egipton oso denbora gutxian, eta gaurtik biharrera edozer pasa daiteke, baita aurrez aurre dauden bi talde nagusien ordezkarien artean ere. Anaia Musulmanek «protesta baketsuak» izango direla agindu dute, ez dutela konfrontaziorik nahi. «Indarkeriaz dauden zurrumurruak faltsuak dira. Odol isurketa aurreko erregimenak eragin du, eta guk ez dugu gauza bera egingo».
Baina giroak besterik esaten du. Tahrirren zer gertatuko zain daude herritarrak, irrikaz presidente berriaren izena jakiteko. Ahmed Xafikek irabazten badu eta giroa aztoratzen bada, kalean geldirik dauden tankean martxan jarriko ditu armadak.
Musulmanak «irabazle», besterik erakutsi arte
Junta Militarra bereganatzen ari den boterea geldiarazteko, «proiektu iraultzailea» iragarri dute islamistek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu