MYANMAR. PARLAMENTURAKO HAUTESKUNDEAK. Erregimenaren estiloan

Parlamenturako bozak egingo dituzte gaur Myanmarren, hogei urtean lehen aldiz; Junta Militarrak irabazteko antolatu dituzte

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2010eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Myanmarko kazetariek bizkartzainekin pasatu­ko dute gaur eguna; Junta Militarraren segurtasun agenteek aukeratutako bozkalekuetatik emango dute hauteskundeen berri. Beste nonbaitetik bestelako informaziorik kontatzea zaila izango dute, eta zailago albisteak atzerrira zabaltzea.Kanpoko prentsarentzat sarrera itxi du Than Shweren erregimenak;nazioarteko behatzailerik ere ez du onartu, eta Interneteko sarea gelditzeraino tematu da, Legebiltzarreko osaeraren aukeraketa egokia zaintzearren:hogei urtean izan ez den hitzorduan kanpotarrak tartean sar ez daitezen.

Aspaldiko partez herritarrek botoaren bidez euren iritzia eman dezaten nahi du Gobernuak, baina oposizioa sendotzeko zantzu txikienari aukerarik eman gabe. Aung San Suu Kyi Bakearen Nobel saridunak izan dezakeen indarra neutralizatu beharrean egon da, eta ongi atera zaiola ematen du, beste nonbaitetik lehertzen ez zaion bitartean. Etxean nahiz nazioartean Myanmarko mugimendu demokratikoaren ikur denak boikotaren aldeko deia egin du etxeko atxiloaldian dagoela, bozetan parte hartzea militarren erregimena onartzea litzatekeela uste duelako. Alderdiko kide batzuek, berriz, aurkezteko erabakia hartu dute, eta oposizioak bi erabakien artean banatuta erantzungo du gaurko hitzorduan.

LND Demokraziarako Liga Nazionala legez kanpo geratu da Gobernuak hauteskundeetara aurkezteko jarri zion baldintzari uko egiteagatik; Aung San Suu Kyi buruzagia alderdiaren zerrendatik kanpo geratzea ez onartzeagatik. Alderdiko hainbat kidek, bozketan parte hartu behar dela uste izan dutenek, NDF alderdia sortu dute (National Democratic Force). Alderdi Demokratikoa.

Erregimenaren mehatxua

Junta Militarrak -Bake eta Garapenaren Kontseilua deitzen diote orain-,«herriak aukeratu ez duen gobernua» ezin duelako onartu, agintaldia denbora askoan luzatuko duela jakinarazi du, hauteskundeetan abstentzio handia egoten bada. Kasu horretan egungo gobernuak «ezinbestean estatuaren segurtasuna kontrolatzen jarraitu beharko du». Ez du ezustekorik nahi, eta, oraingoan, duela hogei urte ez bezala, ihesbide guztiak itxi dizkio oposizioari. Bozen emaitza edozein dela ere, armadarenak izango dira Parlamentuko eserlekuen %25, eta Konstituzioa aldatu nahi izanez gero, diputatuen %75en baino gehiagoren sostengua beharko da.

Duela hogei urteko bozetan,Aung San Suu Kyiren LND alderdiak herritarren %80 baino boto gehiago jaso zituen, baina orduan armadak estatu kolpea eman eta agintea bereganatu zuen bozetako emaitzei muzin eginez. Geroztik Than Shwek zuzentzen du estatua. Oraingoan, baina, nazioarteko presioei nolabaiteko irtenbidea eman eta herrialdeari itxura berritunahian, bere moldera antolatutakoak deitu ditu.

Juntako buruak bozetan aurkezteko, kargu militarrak uztea izan da azken trikimailu politikoa. Than Shwe estatuburuak eta haren bigarren Maung Ayek armadako karguak utzi ondoren, horien urratsak jarraitu dituzte junta militarreko beste hainbat kargudunek ere. Guztiak dira militarrek bultzatutako Batasuna, Elkartasuna eta Garapena Alderdiko hautagaiak, garaipena ziurtatua duen alderdiarenak.

Horretarako modu guztiak erabili dituzte, behintzat. Shan berri agentziak oposizioan dauden alderdiek zerrendak bozkalekuetara iritsi diren jakiteko arazoak izan dituztela ohartarazi du, eta nekazari guneetan hautagaiak botoak erosten ari direla bi dolarren truke. NDF Alderdi Demokratikoko zerrendaburu Thu Waik zerrendak osatu aurretiko oztopoak ezagutu ditu. Kexu izan dira 392 euro ordaindu behar izan dituelako aurkeztu den orok -urte erdiko soldata herritar batentzat-. Gobernuko alderdiko ordezkariek ez beste orok, jakina, erregimenak diru publikoarekin finantzatu baitu prozesu osoa eta kanpaina bera.

Gainerakoan, 3.000 hautagai daude, gutxienez bi heren junta militarraren alde, 37 alderditan banatuta. Talde txiki batzuk eta 80 bat hautagai independente aurkeztu dira bozetara, pentsatuz Legebiltzarrean sartuz gero apurka egoera aldatzeko modua egongo dela, diktadurari zirrikituak topatzen hasteko modua, baina inondik inora ez dute sinesten boz demokratikoak izango direla. Myanmarko mugan bizi diren hainbat etniak taldeak osatu dituzte, eta horietako handienak, SNDP Shan Alderdi Demokratikoak 157 hautagai ditu, baina Juntaren kontra borrokan ari diren beste hainbat etniak boikoterako deia egin dute.

Ofentsibaren beldur

Myanmarko ekialde, mendebalde eta iparraldea kontrolatzen duten 30 bat gerrilla alertan daude, bozen ondoren Juntak haien kontrako erasoaldia hasiko duen zain daudelako. Horietako batzuek uste dute euren ordezkari politikoak bazter geratuko direla, manipulazioagatik, eta beste batzuk beldur dira eraso egingo dietela boikotaren alde egin dutelako. Sei gerrilla garrantzitsuenek hitzarmen bat egin dute erregimenari batera erantzuteko. Dagoeneko 3.500 nekazari herritako biztanleak alboratu ditu hauteskunde prozesutik erregimenak, bi milioi herritar inguru, ustez haien bizitokietara iristeko modurik ez dagoelako. 29 milioi boto-emailek izango dute aukera botoa emateko.

Bien bitartean, NBE Nazio Batuen Erakundeak Myanmarko egoerari buruz egindako salaketek ez dute ondoriorik izan, ez oraingoz, behintzat. Tomas Ojea herri hartarako ordezkariak giza eskubideen urraketa larri eta sistematikoak salatzen dituen txostenaren berri eman izanak ez du egoera aldatu. Gizateriaren kontrako krimentzat har daitezke Myanmarren azken urteetan gertatutakoak, txostenean azaltzen denez. Epaiketarik gabeko exekuzioak, esklabotza, ehunka milaka desplazatu, atxiloketa arbitrarioak, torturak, bortxaketak, eta gutxiengoen jazarpena eguneroko direla esaten du txostenak. Baina Segurtasun Kontseiluak gaia aztertuta ere, Txinaren eta Errusiaren beto eskubideak babesten du Junta Militarra, eta gainerako estatuetako inbertsioek, nazioarteko ordezkariek atzeko atetik egiten dituzte negozioak, Gobernuaren aurrekontuaren erdia segurtasunean xahutzen duenarekin hartu-emanean; herritarrak munduko pobrezia handienetakoan betikotzen dituenarekin.

Hauteskunde hauek irabaztea funtsezkoa da Myanmarko Junta Militarrentzat, itxura demokratikoa emateko diktadurari; baina bestela ere, etorkizun batean agintetik kanpo geratuta ere, Konstituzioak beto eskubidea bermatzen dio. Hauteskundeak egin eta hurrengo astean dute askatzekoa Suu Kyi, herrialdea demokratizatzeko ahotsik eraginkorrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.