Militarrek estatu kolpea gauzatu zutenetik, Myanmarren 459 lagun hil dituzte segurtasun indarrek; horien laurdena baino gehiago, gutxienez 126, azken asteburuan. Hiriak, baina, ez dira junta militarraren gudu zelai bakarrak. Besteak beste, Kachin eta Karen estatuetan gora egin dute sistema federal baten ezarpena exijitzen duten gerrillekin dituzten enfrentamenduek. Horiei aurre egiteko, armadak bonbardaketak hasi ditu Karen estatuan, eta 10.000 lagun baino gehiago desplazatu behar izan dira. CRPH Batasunaren Biltzarreko Ordezkarien Batzordeak, kolpearekin euren kargua galdu zuten hautetsiek osatuak, salatu du junta militarra «ankerkeriak» egiten ari dela herrialde osoan zehar; «orain, gainera, hegazkinak erabiliz».
Karen herriaren babes sarearen arabera, Myanmarko armadaren hegazkinek hiru herrixka bonbardatu zituzten atzo. Herritar askok oihanera jo dute ihesi, eta 3.000 inguruk Myanmar eta Thailandia arteko muga zeharkatu dute. Hala, ASEAN Asiako Hego-ekialdeko Nazioen Erkidegoko parlamentarien elkarteak horien asilo eskubidea onartzeko exijitu dio Thailandiako Gobernuari. Prayuth Chan Ocha lehen ministroak adierazi du migratzaileak jasotzeko prestaketa lanekin hasi direla, baina ez du xehetasun gehiago eman: «Nora joango diren eta zenbat birkokatuko diren aurrerago ikusiko dugu». Prozesuan, giza eskubideak kontuan izango dituela azaldu du, baina baita «herrialdean exodo bat gertatzea» eragotzi nahi duela.
BHRN gobernuz kanpoko erakundearen arabera, karen gerrillak junta militarraren aurkako mugimenduei emaniko babesaren ondorio dira aire erasoak. Era berean, Greba Orokorrerako Batzorde Nazionalak, militarren aurkako talde nagusietako batek, talde etnikoetako erakunde armatuei eskatu die «herritarrak kolektiboki babesteko».
Karen herriaren kasuan, Myanmarko gutxiengo handienetako bat osatzen dute, biztanleriaren %7 inguru izanik. Nagusiki, izen bereko estatuan bizi dira, herrialdearen hego ekialdean. Eremuan hainbat gerrilla daude, Naypyidaweko gobernuarekin gudan 1949tik. Horiek estatuaren independentzia eskatu izan dute historikoki, baina azken urteetan sistema federal baten ezarpena exijitu dute, KIA Kachingo Independentziaren Armadak Kachin estatuan egin bezala.
Hildako gehiago
Min Aung Hlaing komandantearen junta militarraren aurkako protestek ez dute etenik, eta gaurko manifestazioetan beste herritar bat hil dute poliziek, Myanmar Now hedabidearen arabera. Protestekin bat egin dute, besteak beste, AEBek, Europako Batasunak eta Erresuma Batuak, eta zigor ekonomikoak ezarri dituzte junta militarreko kideen eta haiei lotutako enpresen aurka. Nazioarteko hainbat eragilek, baina, arma-blokeo baten beharra adierazi dute, eta militarrak Nazioarteko Zigor Auzitegian epaitzeko eskatu.
NBE Nazio Batuen Erakundearen kontalari berezi Tom Andrewsek erakundeko Segurtasun Kontseiluaren bilera berri bat eskatu du, Myanmarko aferaz hitz egiteko: «Eta Segurtasun Kontseiluak ezin badu ekin, nazioarteko larrialdi batzar bat antolatu beharra dago berehala». Izan ere, batzorde horrek bi aldiz izan du hizpide gaia, baina balizko esku hartze bat eragotzi dute Txinak eta Errusiak, euren beto eskubideari esker.