Demokraziarako bidean aurrerapausoa eman du Myanmarrek, izan ere, datorren urteko hauteskundeetara aurkeztuko da herrialdeko oposizioko alderdi nagusia, iaz ez bezala. Myanmarko Gobernuak LND Demokraziarako Liga Nazionala oposizioko alderdia legeztatu du, eta Hauteskunde Batzordeak onartu du alderdiaren hautagaitza. Horrela, hogei urtetan lehen aldiz, Myanmarko bozetan parte hartu ahal izango du Aung San Suu Kyi Nobel sariduna eta alderdiko idazkari nagusiak.
Thein Shew Myanmarko presidentearen Gobernuak gogor zigortu du LND alderdia orain arteko hauteskundeetan. 1990an, LNDk parlamenturako bozak irabazi zituen, eserlekuen %80a lortuta, baina Junta Militarrak ez zituen emaitzak onartu, eta Suu Kyi etxean preso edukitzeko agindu zuen. Azken 22 urteetatik hamabost etxean preso igaro ditu nobel saridunak, eta duela urtebete egindako bozen ondoren aske utzi zuten, nazioartearen presioari erantzunez.
Dena den, Suu Kyik ezin izan zuen iazko bozetan parte hartu, alderdi politikoen legeak debekatu egiten zuelako epaitutako pertsonak politikagintzan aritzea. Horren ondorioz, LND alderdiak protesta egin zuen nobel saridunaren hautagaitza onartzea eskatzeko, eta gobernuak legez kanpo utzi zuen. Alderdiaren zati batek, ordea, ez zion boikotari erantzun, eta bozetan parte hartu zuen, hainbat eserleku eskuratuz.
Azaroaren 5ean, Myanmarko presidenteak legea aldatu zuen, LNDko idazkari nagusiaren eta egoera berdinean zeuden milaka ekintzaileri hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea emanez. Aldaketa horiek guztiak bat egin zuten AEB Amerikako Estatu Batuetako idazkari nagusi Hillary Clintonek azaroaren 25ean Myanmarrera egindako bisitarekin. Clinton Suu Kyirekin bildu zen haren etxean, eta bertatik erreforma politiko eta ekonomikoak egiteko eskatu zion Shew presidenteari.
Prentsa askatasuna
Suu Kyi datorren urteko hauteskundeetan hautagaia izango dela jakin eta berehala, Myanmarko komunikabideek bi hamarkada iraun dituen isiltasuna apurtu dute. Orain arte, gobernuak kartzela zigorrak eta isunak jarri dizkie nobel saridunaren eta oposizioko kideen inguruko informazioa argitaratu dutenei, eta kalean haietaz hitz egin dutenei.
Myanmarko bozetan aurkeztu ahal izango da Suu Kyi Nobel sariduna
LND Demokraziarako Liga Nazionala oposizioko alderdi nagusia legeztatu du Myanmarko Gobernuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu