Myanmarko Gobernuak eta karen herriko gerrillariek su-etena hitzartu dute

Gobernuak iragarri du 651 preso askatuko dituela, baina ez du zehaztu tartean preso politikoak izango diren

2012ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Myanmarrek Erresuma Batutik bereizi eta independentzia eskuratu zuenetik gobernu zentralaren aurkako borrokan aritu da karen herria, independentzia aldarrikatuz. 63 urte luzez gogor jazarri diete, ordea, eta borroka horretan ezer gutxi lortu dute.Su-etena hitzartu dute orain KNU Karenen Batasun Nazionala erakunde armatuak eta gobernuak, eta bi aldeek diote eskualdean bake iraunkorra lortzeko lehen urratsa izan dela.

Erresuma Batuak herrialdea utzi eta hasierako urteetan indar handia zuten karenek. 14.000 soldaduko armada bat izan zuten garai haietan, eta lur eremu zabalak zituzten kontrolpean Myanmarrek eta Thailandiak bat egiten duten inguru horretan. Urteetako errepresio gogorrak, dena den, karen herria asko ahuldu du. Azken urteetan armadaren aurka erasoak egiten jarraitu dute, hala ere, gerrillariek.

Urte horietan guztietan, armadaren eraso etengabeen beldur, Thailandiara ihes egin dute karen herritar askok. Hain justu, gobernuz kanpoko hainbat erakundek salatu dute gaur egun 100.000 errefuxiatu inguru egoera kaskarretan bizi direla Thailandiako kanpalekuetan. KNUk, ordea, jakinarazi du gobernuarekiko negoziazioak ilusioz hasi dituztela eta elkarrizketen bidez elkarbizitza baketsua lortzeko esperantza dutela.

Dena den, independentziarenhelburuari eusten diotela adierazi du KNUko buruzagi batek, eta ez direla makurtuko gobernuaren presioaren aurrean. «Negoziazioetan bide luzea daukagu oraindik egiteko». Bake akordio bat lortu aurretik, hain zuzen, hainbat baldintza ezarri dizkiote karen gerrillariek gobernuari. Batetik, armadaren erasoak eteteko eskatu dute, eta segurtasunerako bermeak eskatu dituzte. Bestetik, zibilak behartutako lanak egiteari utziko diotela jakinarazi dute. Horrez gain, preso politikoak aske uzteko eta su-etena kontrolatzeko bermeak emateko exijitu diote gobernuari.

Mendebaldeak gobernuari herrialdean demokrazia ezartzeko pausoak eman ditzan egiten dion presioa baliatu nahi du karen herriak bake prozesua bideratzeko. Izan ere, herritarren aurka urteetan egin dituzten gehiegikeriengatik ezarritako zigor ekonomikoak kentzeko herrialdean demokrazia ezartzeko borondatea agertzea eskatu diote hainbat herrialdek.

Urteko laugarren amnistia

Bestalde, 651 preso aske utziko dituela iragarri zuen atzo gobernuak. Urtebetean eman duen laugarren amnistia da. Dena den, gobernuak ez du argitu preso politikorik ote dagoen aske utziko dituztenen artean. Urte honetan 21.800 lagunetik gora askatu dituzte, baina horietatik 347 besterik ez ziren preso politikoak.

Nazioarteak, hain zuzen, demokrazia ezarri nahi duela erakusteko berme gisa aurreko erregimen militarrek kartzelan sartutako preso politiko guztiak aske uzteko eskatu dio Naypyidawri. Myanmarko Preso Politikoen Laguntzarako Elkarteak, baina, oraindik espetxeetan 1.572 preso politiko daudela salatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.