AI Amnesty International giza eskubideen aldeko erakundeak, ordea, ohartarazi zuen atzo ez zegoela batere garbi noiz askatuko zuten Bakearen Nobel sariduna, ez eta askatuko zuten ere. Azken batean, ez litzateke lehen aldia haren espetxealdia argudio sendorik gabe luzatzen edo aske utzi eta egun gutxira atxilotzen dutela. Azkenengoz iazko maiatzean luzatu zioten zigorra, ekintzaile estatubatuar bati etxean sartzen utzi eta atxiloaldia urratzea egotzita. Bera bezala, ordea, ehunka preso politiko daude Myanmarko espetxeetan. «Ez genuke une hau mugarritzat hartu behar; herrialdeko ehunka presoetatik bat gehiago da», nabarmendu du AIko kide Niall Couperrek.
Militarrak kaleetan
Goizean goizetik hasi ziren zabaltzen Suu Kyiren askatzearen inguruko zurrumurruak. Horien arabera, arratsaldean bertan agertzekoa zen oposizioko burua NLDren Rangungo egoitzara. Ondorioz, ehunka izan ziren orduak igaro ahala bertara bildu zirenak. Ilusioa nabarmen hazi zen Junta Militarrak Bakearen Nobel sariduna askatzeko dekretua sinatua zuela eta armadako hainbat kide haren etxean zirela jakin zenean. Hori izan zen, ordea, zabaldu zen azken albistea. Suu Kyiren etxe ondoan bildutakoek esan zutenez, ez zen mugimendu gehiagorik izan eraikinaren inguruetan.
Aldiz, Rangunen militarren presentzia inoiz baino handiagoa zen. NLDren egoitza kanpoaldean zibil jantzitako dozenaka polizia zeuden, hurbiltzen zen guztiari argazkiak atereaz. Ondorioz, jende asko egoitza inguruko aretoetan bildu zen. Denetara, istiluen aurkako 300 polizia inguru eta hamahiru kamioi jarri zituen Junta Militarrak.
Suu Kyi ikusteko itxaropenarekin Myanmarrera joan direnen artean dago haren semea, Kim Aris, zeinak azken hamar urtean ez duen amarekin egoteko aukerarik izan. Arisek behin baino gehiagotan eskatu izan du herrialdean sartzeko baimena, baina orain arte atzera bota diote. Bere garaian, atxilotu zutenean, erbestera joateko aukera eman zion Junta Militarrak Suu Kyiri, baina hark nahiago izan zuen Myanmarren geratu. 1999an Michael Aris senarra hil zenean ere ez zioten utzi herrialdetik ateratzen.
15 urte preso
1989ko uztailaren 20a. Aung San Suu Kyiri etxeko atxiloaldia ezarri zioten, 1990ean egitekoak ziren bozetan parte hartzeko aukerarik izan ez zezan.1991ko uztailaren 20a. Giza eskubideen alde egindako lanagatik Bakearen Nobel saria emango ziotela iragarri zuten.
1994ko irailaren 20a. Than Shwe jenerala Junta Militarreko buru izendatu berritan Suu Kyirekin bildu zen, lehen aldiz.
1995eko uztailaren 10a. Suu Kyi aske utzi zuten, baina uko egin zion Konstituzio berria idazteko batzordean parte hartzeari.
2000ko irailaren 21a. Rangundik irtetera zihoala atxilotu zuten bigarrenez.
2002ko maiatzaren 6a. Aske utzi zuten, NBEren presioei esker.
2003ko maiatzaren 30a Junta Militarreko jarraitzaileek Suu Kyiri eta haren alderdikideei eraso zieten, eta 70 lagun hil. Suu Kyi atxilotu egin zuten.
2007ko irailaren 24a. 300.000 lagun kalera irten ziren erregimen militarraren aurkako protestetan. Juntak indarrez erantzun zuen.
2008ko otsailaren 9a. Juntak Konstituzioa berresteko erreferendumera deitu zuen; Suu Kyik boikotarekin erantzuteko eskatu zuen.
2009ko maiatzaren 6a. Michael Yettaw estatubatuarra atxilotu zuten, Bakearen Nobel saridunaren etxean sartzeagatik.
2009ko maiatzaren 14a. Suu Kyi Inseingo espetxean sartu zuten, Yettawri etxean sartzen utzi eta atxiloaldia urratzeagatik.
2009ko abuztuaren 11. Hemezortzi hilabeteko etxeko atxiloaldia ezarri zioten.
2010eko azaroaren 13a. Bakearen Nobel saridunak bete du espetxealdia.
Myanmarren 2.193 preso politiko daude, 44 espetxetan sakabanaturik, eta haietako asko 50 urtetik gorako zigorrak betetzen ari dira; gaur arte aske geratu diren guztiek torturak eta tratu txarrak salatu dituzte.
Ziega bat heriotzaren etxean
A. E.Hotzikara eragiteko ahalmena du Inseingo espetxeak haren izena entzuten duen edonorengan. Han, Myanmarko kartzela gehienetan bezala, torturak eta tratu txarrak egunerokoak dira, eta dozenaka preso daude pertsona bakarrarentzat prestatutako ziegetan. Handik igaro direnetako gehienek salatu dituzte jipoiak eta tratu txarrak. Ko Aungek bertako kiratsa gogoratzen du garbien. «Izututa geratu nintzen hango usainarekin. Ez genuen komunik; giza gorotzez eta zomorroz beteriko ontzi bat besterik ez». Hamar urte egin zituen Inseinen. Zortea izan zuen.
Gaur egun 2.193 preso politiko daude Myanmarko 44 espetxeetan; horietatik 170 inguru 2007ko protestetan atxilotutako monjeak dira. Kartzela horietatik hamabitan ez dago medikurik, eta zaindariek ez ikusiarena egiten diote droga trafikoari -hiesa oso zabaldua dago presoen artean, xiringak trukatzearen ondorioz-.
Diktaduretan ohikoa den gisan, gainera, ez da delitu larririk egin behar infernu horietako batean bukatzeko. U Khun Tun Oo shan etniakoa eta Demokraziarako Shanen Ligako burua da -talde hori bigarren geratu zen 1990eko bozetan-. 2005ean 93 urteko kartzelara zigortu zuten, beste ordezkari batzuekin bildu eta Junta Militarraren etorkizunerako asmoei buruz hitz egiteagatik. «Traizioa» eta «difamazioa» leporatu zizkioten.
Antzekoa da U Gambiraren egoera. Myanmarko Monjeen Aliantzako buruzagia da bera, etaatxiloketak, hilketak eta torturak salatu zituen 2007an Washington Post-en, artikulu batean. Testua argitaratu zen egunean bertan atxilotu zuten. Hiru aste geroago 68 urteko kartzelara zigortu zuten.