Myanmarko junta militarrak Aung San Suu Kyi Estatu kontseilaria auzipetu du

Merkataritza lege bat haustea egotzi diote. Win Myint presidentea ere auzipetu dute, hondamendi naturalen inguruko lege bat bete ez izanaren akusaziopean. Osasun langileek greba egin dute, estatu kolpearen kontra

Myanmarko armadak astelehenean emandako estatu kolpearen aurkakoak, atzo, Yangonen. NYEIN CHAN NAING / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Agintetik kendu zuten gobernuko buruen aurkako ekinbide judizialak hasi ditu Myanmarko junta militarrak. Atzo, Aung San Suu Kyi Estatu kontseilariaren eta Win Myint presidentearen aurkako karguak aurkeztu zituzten militarrek. Formalki auzipetu izanak modua emango die bi politikariak atxilo edukitzeko.

Herrialdeko merkataritza legea hautsi izana egotzi zioten Aung San Suu Kyi Bakearen Nobel saridunari. Astelehenean atxilotu zuten, eta haren etxea miatu zuten. Erregistroari buruzko dokumentu bat publiko egin zuen atzo Poliziak, eta, agiri horren arabera, irrati uhinak atzemateko gailu bat aurkitu zuten, ustez atzerriko herrialde batetik inportatutakoa eta, beraz, Myanmarrera ilegalki sartutakoa. Gainera, agiriak dio Aung San Suu Kyik ez zuela lizentziarik aparatu hori erabiltzeko, eta baimenik gabe erabili zuela.

Hiru urtera arteko kartzela zigorra izan dezake delitu horrengatik, Efe berri agentziak aurreratu duenez, eta atxilotua izango dute gutxienez otsailaren 15era arte. Astelehenetik hala dago Estatu kontseilaria, eta atxiloaldia etxean betetzen ari dela adierazi zuten asteartean NLD Demokraziarako Liga Nazionala alderdiko iturriek. Atzo, baina, ez zuten zehaztu han jarraitzen ote duen, eta galdekatzera beste norabait eraman ote zuten susmoa zabaldu zen.

Haren alderdikide eta Myanmarko presidente Win Myinten aurkako karguak ere aurkeztu zituen junta militarrak. Haren kasuan, hondamendi naturalen kudeaketaren legea bete ez izana leporatu zioten. Pandemiaren testuinguruan hartutako erabaki batengatik hartu zioten kargu, zehazki: hauteskunde kanpainako bidaia batean 220 ibilgailu mugitzea baimendu izana.

NLDk baieztatu zituen bi politikarien kontrako karguak. Alderdi horri kalte egiteko asmoa du herrialdeko bi agintari gorenen auzipetzeak. NLDren ikur dira Aung San Suu Kyi eta Win Myint, eta, leporatzen dietena zigor bilakatuko balitz, ezingo lirateke hurrengo hauteskundeetara aurkeztu. Gainera, NLDk alderditik kanporatu beharko lituzke bi liderrak, haren hautagaitza legezkotzat jotzeko. Militarrek larrialdi egoera ezarri zuten astelehenean, eta urtebetez agintean egongo direla hitzeman zuten, bozak egin arte.

Myanmarko agintea partekatu dute orain arte Aung San Suu Kyik eta Win Myintek, baina lehenengoa da herrialdeko buruzagi nagusia. Haren kargua ere horretarako diseinatu zuten. Konstituzioak ez du baimentzen atzerriko senitartekoak dituen norbait presidente izendatzea—armada agintean zela egin zen konstituzioa—, eta hala ditu Aung San Suu Kyik. Horri izkin egiteko sortu zuten Estatu kontseilari kargua.

NLDko bi liderren atxiloketak izan dira sonatuenak armadaren estatu kolpearen ostean. Hala ere, 350 parlamentari giltzapean izan zituzten militarrek atzo arte, gobernuaren egoitzetan. Atzo, ordea, etxera joateko baimena eman zieten.

Lehen mobilizazioak

Estatu kolpearen osteko lehen bi egunetan apenas izan den mobilizazio handirik Myanmarren, baina armadaren aurkakoak hasi dira beren aldarriak ozentzen.

Desobedientzia zibilerako deia egin zuen Mandalay hiriko mediku talde batek herenegun, eta «gobernu kolpistarentzat» lan ez egiteko eskatu zuten. Deialdi horri erantzun zioten atzo herrialdeko 70 ospitale eta osasun zentrotako langileek, eta gaur grebarekin jarraituko dutela espero da.

Yangon hirian, bestalde, hainbat herritarrek eltze jotze bat egin zuten gobernuan jarritako militarren aurka. Etxeko balkoietara aterata egin zuten protesta.

Protestei erantzunez, Informazio Ministerioaren izenean ohar bat zabaldu zuen junta militarrak atzo, eta herritarrei eta hedabideei eskatu zieten sare sozialetan zurrumurruak ez zabaltzeko eta istiluak ez sustatzeko. «Legeak eta gobernuak diotenarekin kooperatzeko deia egiten diogu jendeari», zioen testuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.