Myanmarko Juntaren eta gerrillen arteko borrokak gogortu egin dira

Txinara gerraren beldurrez ihes egindako 30.000 herritar heldu dira azken astean, UNHCRen arabera

Erredakzioa
2009ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Adituek eta eskualdetik ihes egindako milaka herritarrek iragarri zuten moduan, armadaren eta gerrillen arteko borrokak gogortu egin dira Myanmarko ipar-ekialdean. Ostegunean hogei urteko su-etena bertan behera utzi ostetik, gutxienez hiru lagun hil dira borroketan, eta atzo Txinarekiko mugatik gertu bonba bat lehertu zen, eta beste pertsona bat hil zen. Myanmarko Aliantza Nazional Demokratikoaren arabera -hainbat talde gerrillarik osatzen dute-, beste hiru lagun ere hil dira ostegunaz geroztik; guztiak gerrillariak. Junta Militarrak ez du berretsi, ordea, informazio hori.

Egoera gordinduko zelakoan, astelehenean erruz hasi ziren ipar-ekialdeko herritarrak auzoko herrialdeetara ihes egiten. Eta jada 30.000 dira Txinan babestu direnak; gehienak kokang etniakoak -jatorri txinarra dute-. Hala dio, behinik behin, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak. Etnia horretakoak dira gehienak ipar-ekialdean, baina gutxiengoa dira Myanmarren. Era berean, karen etniakoak dira Thailandian babes hartu duten 4.000 lagun inguru.

Bozengatiko gatazka

Tentsioak abuztu hasieran egin zuen gora, Junta Militarrak gerrillei armak utzi eta Poliziako kide edo alderdi politiko bilakatzeko eskatu baitzien. Galdegindakoari uko egin zioten haiek, eta ipar-ekialdera 7.000 soldadu bidali zituen orduan Juntak. Era berean, Peng Jianshengen etxera sartu ziren militarrak, hura atxilotzeko. Jiansheng kokang armadako buruaren aitaginarreba da, eta Txinarako heroina eta metanfetaminen trafikoa zuzentzea leporatzen diote. Gertakari horrek lehendik bazegoen tentsioa areagotu duela diote adituek.

Bestalde, datorren urtean egitekoak diren bozetarako ipar-ekialdea kontrolpean hartu nahi du Juntak. Izan ere, herrialde independente gisa dihardu. Aste hasieran gerrillari eraso zion armadak, eta haiek ostegunean erantzun zuten, hogei urteko su-etena bertan behera utzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.