Gaur hartu du Thein Sein armadako jeneral erretiratuak Myanmarko presidentetza, legebiltzarrean karguari zin eginda. Horrela amaitu dute, iturri ofizialen arabera, erregimen militarretik demokrazia parlamentariora joateko bidea. 1962tik Batzorde Militar batek agindu du Myanmarren, eta junta hori gaur desegin dute.
Dena dela, parlamentuan iazko azaroko hauteskundeen atarian zibil estatusa hartu zuten militarrak dira gehiengo. Hain zuzen, Batzorde Militarreko 22 kidek militar izateari utzi zioten, bozetan lehiatze aldera. Armadak politikako ikastaroetara bidali zituen 2009an ehunka militar, beharrezko prestakuntza jaso zezaten.
2008an onartutako Konstituzioaren arabera, militarren esku geratzen dira beti bi ganberetako eserlekuen laurdenak eta Defentsa, Muga eta Barne ministerioak. Horrez gain, armadaburuak hartuko du nazioaren gaineko kontrola, salbuespen egoera ezarriz gero.
AEBek, Europako Batasunak eta Japoniak, besteak beste, azaroko hauteskundeen gardentasun falta eta irregulartasunak salatu zituzten. Bozetan ez zen egon diktadura militarrarentzako deserosoa izan zitekeen lekukorik: ez nazioarteko ikuskatzailerik, ez nazioarteko kazetaririk.
Batasunaren Garapen eta Elkartasunerako Alderdiko kidea da Sein. Junta militarreko buru Than Shwe bezala.